Ostalaritzako terrazak erregulatzeko proposamenak aurkeztu ditu Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak
Udalak Ostalaritzako Jabari eta Erabilera Publikoko Lurzoruaren Okupazioak arautzen dituen ordenantza aldatzeko asmoa iragarri du. Horretarako, kontsulta publikorako epea ireki du herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko. Gaur egun indarrean dagoen ordenantza aldatu aurretik, korporazioak legez egin behar duen lehen urratsa da hori, eta aukera aprobetxatuz, hainbat proposamen egin ditu Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak.
Elkarteak berak adierazi duenez, terrazetako negozioa “gainsaturatutako merkatu batean” txertatzen da. “Parte Zaharrean, establezimendu berriak irekitzeko mugak daude, eta haien arteko distantzia zehatzak errespetatu behar dira. 29 biztanleko establezimendu bat da ratioa, eta ostalaritza establezimenduen barruko edukiera osoak soilik bikoizten du auzoko biztanle kopurua.
Elkartearen ustez, ostalaritza establezimenduei ondo aztertu gabeko terrazak gehitzen bazaizkie, emaitza onuragarria izango da ostalarientzat, baina kaltegarria auzoan bizi direnentzat. “Ordutegiek, zaratek, zikinkeriak, zaborrek, kaleko kontsumoak eta abarrek eragindako arazoak eguneroko bihurtzen dira. Batzuen arrakastak hurbileko merkataritza pixkanaka hondatzea eta parke tematikoari lotutako lokalak bereganatzea dakar; halaber, auzo nortasuna eta biztanleen arteko kidetasun loturak galtzea dakar”, salatu dute.
Parte Zaharrean Biziren eskaerak
“Ostalaritza sektorearen bilakaera, sektore ekonomiko horren irregulartasun kopuru handia, Parte Zaharreko biztanleen ongizatea modu eraginkorrean bermatzeko hamabi urte baino gehiagoko talde lana eta azken hiru legegintzaldi hauetako udal gobernuen praktika instituzionala aztertu ondoren”, terrazei buruzko egungo ordenantza aldatzeko eta hainbat irizpide eta balio eransteko eskatu du Parte Zaharrean Bizik.
Alde batetik, hiri eta auzo inklusibo, bizigarri eta jasangarrien proiektu batean txertatzea, espazio publikoa elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako espazio gisa zaintzea helburu duena. Bestetik, Arartekoaren 2019ko apirilaren 11ko ebazpenei erantzutea (2019R-2822-17). Ebazpen horietan, Donostiako Udalari gomendatzen zaio irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen legeria betetzea, bai eta Parte Zaharrean terrazak jartzeari buruzko beste gai batzuk ere.
Uste dute “oinarrizkoa” dela araututako espazio publiko bat bermatzea eta osasunerako, ingurumenerako eta irisgarritasunerako eskubideak babestea, honako arlo hauetan, besteak beste: zarata, bizilagunen atsedena, kanpoko berogailuen ingurumen inpaktua, mahaien eta aulkien arteko gutxieneko distantziak eta hiri altzariekiko eta espaloiekiko distantziak errespetatzea, irisgarritasuna bermatzeko.
Gainera, ikuskapen eta kontrol ekintzak indartzeko eta zehapen araubidea gogortzeko eskatu dute, “berrerortze kasuetan terrazetako lizentziak eraginkortasunez baliogabetzea erabakiz”.
Laburbilduz, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak terrazen udal kudeaketa interes orokorrera egokitzeko eskatu dio udalari.