SADEk azalpenak eman beharko ditu, Arte Ederren fatxada zati bat suntsitzeagatik
Iraila bukaeran, Arte Ederren eraikinaren jatorrizko fatxada “suntsitzen” ari zirela salatu zuen Ancora elkarteak. Horren aurrean, Donostiako Udaleko Hirigintza Sailak txosten bat eskatu dio SADEri, gertaturikoa justifikatu dezan.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak udaleko batzordeetan aitortu zuenez, salaketaren berri izan orduko, saileko teknikariek premiazko ikuskapen bat egin zuten Arte Ederren eraikinaren lanetan. Teknikariek egiaztatu ahal izan zuten baoen zabaltze puntualik eta indibidualizaturik ez zela egin baoen zabalera berrira egokitzeko, baizik eta dagokion fatxada tartea kendu egin zela. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) arabera, SADEk ez du horretarako baimenik.
Dena dela, salbuespen bat jasotzen du plan bereziaren artikulu batek. Suntsiturikoa ordezkatzen bada, baimentzeko modukoa izan daiteke, baldin eta suntsituriko fatxada zatien egoera kaskarra zela frogatzen bada. Horiek horrela, Hirigintza Sailak ez du zigorrik aurreikusten.