Zinemaz ariko dira Eider Rodriguez, Jon Garaño, Anton Alvarez eta Paula Ortiz, besteak beste
Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak, urteko programazio bateratua osatu dute bigarren urtez, zinemaz eta zinematik hitz egiteko.
Zinemagileen arteko elkarrizketak eta Kontatutako zinea programen berri eman dute. Tabakalera eta Koldo Mitxelena Kulturunea dira sustatzaileak, Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin. Aurtengo urritik datorren urteko ekainera bitartean, tokiko, Espainiako eta nazioarteko hogei zinemagilek baino gehiagok publiko zabalari helaraziko dizkiote beren proposamen zinematografikoen sortze prozesuak.
Laugarren denboraldia beteko du Zinemagileen arteko elkarrizketak programak. Saioen datak eta lekuak laster iragarriko dituzte. Aldiz, programazioaren xehetasunak eman dituzte. Interpreteen zuzendaritza aztertuko dute Celia Rico errealizadorearekin eta Los pequeños amores bere azken filmeko Maria Vazquez protagonistarekin. Autofikzioa gorpuzteko modua aztertuko dute Javier Giner zuzendariaren eta Oriol Pla aktorearekin, lehenengoaren istorioa kontatzen duen Yo, adicto saila oinarri hartuta.
Programak literatur egokitzapenetan ere jarriko du lupa, Paula Ortiz zuzendariarekin eta Javier Garcia Arredondo gidoigilearekin (La virgen roja). Zinemagile hasiberriekin eta beste diziplina batzuetatik datozen zinemagileekin ere elkarrizketak egingo dituzte: C. Tangana gisa ezaguna den Anton Alvarez —La guitarra flamenca de Yerai Cortés bere lehen lanagatik Zuzendari Berriak saileko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen— eta Marta Nieto aktorea —La mitad de Ana lanarekin debuta egin du—.
Azkenik, zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi duen El llanto lanaren arte zuzendaritza dotorea eta ekoizpen diseinu konplexua izango dituzte mintzagai Pedro Martin-Calerok eta Jose Tiradok. Maria Elorza zuzendariak eta Marian Fernandez produktoreak, berriz, A los libros y a las mujeres canto filmaren arrakastaren ondoren Ez-fikzioa ekoiztea eta Caro Bastiano Ikusmira Berriak egonaldian garatutako proiektuak jasotako Sideral saria izango dituzte hizpide.
Bosgarrenez
Tabakaletak 2020an jarri zuen abian Kontatutako zinea zikloa, eta, bosgarrenez egingo dute. Datozen hilabetetan, hamar bat zuzendari joango dira Tabakalerako zinema aretora beren filmei buruz hitz egitera, hiriko zinema aretoetan beren lanak estreinatzearekin batera, ikusleak aretoetara erakartzeko helburuarekin.
Hilaren 19an izango da lehen saioa, eta bi protagonista izango ditu: Pilar Palomero zuzendaria eta Eider Rodriguez idazlea. Bien arteko lotura Los destellos filma da, Palomerok zuzendua eta Rodriguezen Bihotz handiegia eleberriaren egokitzapena. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen filmak interpretazio protagonista onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen (Patricia Lopez Arnaiz).
Bigarren saioa azaroaren 7an izango da, eta bi artista elkartuko ditu: Mar Coll zuzendaria eta Katixa Agirre idazlea. Salve María filma aurkeztuko dute, Agirreren Amek ez dute eleberrian oinarriturikoa. Azaroaren 23an, berriz, Jon Garaño zuzendari donostiarra izango da saioaren protagonista. Marco filmari buruz ariko da.
Gainerako saioek ez dute datarik oraindik, baina hizlariak zeintzuk izango diren aurreratu dute: Pello Gutierrez zuzendari donostiarra (Zazpi t’erdi kolektiboa), Nele Wohlatz zuzendaria, David Pérez Sañudo errealizadorea, Pablo Hernando zuzendaria, eta Sara Fantova zuzendaria.
Saioak zuzenean jarraitu ahal izango dira, aurrez aurre, eta grabatu ondoren, Tabakalerako webguneko ikus-entzunezko edukien eskaintzaren parte izango dira.