Adimen artifiziala izango du protagonista Liburutegien Egunak
Liburutegien Eguna ospatuko dute Donostian urriaren 24an, eta adimen artifizialak liburutegietan duen gero eta presentzia handiagoa izango dute mintzagai. Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostia Kulturak eta Medialab Tabakalerak antolatu dute egitaraua, hamabigarren urtez jarraian.
Liburutegietan ere, adimen artifiziala lelopean, jardunaldi horretan jorratuko dute zer eragin duten liburutegietako profesionalen egunerokoan teknologia berriek, hala nola, ikaskuntza automatikoak, hizkuntza naturalaren prozesamenduak edo Chat GPT bezalako tresnek. Beste hainbat gai ere landuko dituzte: nola eraldatzen duten teknologia horiek liburutegietan lan egiteko modua eta zer aukera eskaintzen dizkieten erabiltzaileei.
Tailer praktikoa
Liburutegien Egunaren ekitaldi nagusia Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan egingo dute, hilaren 24an. Tailer praktiko bat izango da, eta adimen artifiziala liburutegietan erabili duten kasu praktikoak aztertuko dituzte. Gainera, bertaratzen direnek tresna horiek probatzeko aukera izango dute. Daniel Torres Salinasek eta Wenceslao Arroyo Machadok gidatuko dute saioa. Biak ere adimen artifizialean eta horrek kultur esparruan duen aplikazioan adituak dira.
Tailerra 09:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek aukera izango dute adimen artifizial sortzaileko tresnak esploratzeko -ChatGPT, adibidez– eta aztertzeko zer aplikazio izan ditzakeen liburutegien antolaketan, erabiltzaileekiko interakzioan eta edukien kudeaketan.
Aurreko egunetarako jarduerak
Tailer nagusiaz gain, Liburutegien Egunaren ospakizunen baitan beste bi jarduera ere egingo dituzte teknologiaren mundua eta kultura publiko orokorrari hurbiltzeko. Urriaren 20an, 19:00etan, After Yang filma proiektatuko da Tabakaleran, Kogonadak zuzendutako zientzia fikziozko lana, adimen artifizialari eta gizateriari buruzko hausnarketa planteatzen duena.
Urriaren 22an, 19:00etan, Udal Liburutegi Nagusian Carlo Padial idazlearekin topaketa bat izango da, teknologiak eta bitarteko berriek bere sorkuntza prozesuan duten eragina aztertzeko.