Astebururako plan bila zabiltza?
Dantza ikuskizunak, kontzertuak, zinema proiekzioak eta beste hainbat jardueraz disfrutatzeko aukera duzue asteburu honetan hirian.
Heltzear den asteburua ez da inoizko eguzkitsuena izango, baina, hala ere, denbora libreaz disfrutatzeko denbora baldin baduzue, astebururako kultur eta aisialdi eskaintza ez da makala izango Donostian. Gure agendan askotariko ekitaldiak eta jarduerak dituzue ikusgai, baina, jarraian, egun bakoitzeko proposamen bat duzue.
Ostiralean (hilak 18), Xabi San Sebastian musikari donostiarraren kontzertua antolatu dute Lugaritz Kultur Etxean, 19:30ean. Betazalak diskoa aurkeztuko du, baita bere musika ibilbidearen hogeigarren urteurrena ospatu ere. Berezia izango da, batez ere, gonbidatu ezagunekin konpartituko duelako oholtza: Niko Etxart, Joseba Tapia, Oreka TX, Ixi Jauregi, Juanjo Otxandorena eta Irati Irizar. Sarrerak helbide honetan eskuratu daitezke.
Bestalde, Iturritik dantza jaialdia abian da, eta, hain zuzen ere, Eskola dantza taldeak Tradiziotik berrikuntzetara ikuskizuna eskainiko du larunbatean, euskal tradizioan, mitologian, herrietako kontakizunetan eta bestelakoetan oinarritutako koreografiekin. Doakoa izango da, Okendo plazan izango baita, 18:45ean.
Igandean, asteburua borobiltzeko, euskal antzerkiaz disfrutatzeko aukera daukazue Lugaritz Kultur Etxean: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutiak Eukalyptus taularatuko dute 19:00etan, bizitzaren, lurraren eta zalantzen kudeaketaren ingurukoa. Nerea Ibarzabalek, Jon Ander Urrestik, Matxalen de Pedrok eta Beñat Urrutiak idatzitako testua da antzezlanekoa. Sarrerak hemen daude salgai.
Bonus track: Astean zehar ere aisialdirako edo kultur jarduerentzako tarterik baduzue, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak antolatutako Turistifikazioaren Aurkako Urriko bi solasaldi proposatzen dizkizuegu, turistifikazioak auzoetan duen eraginaren ingurukoak: asteartean (hilak 22), Herreran ere badago turistifikazioa? solasaldia antolatu dute, 19:00etan, Herrera Kirol Elkartean (San Luis plaza). Asteazkenean, bestalde, Intxaurrondon ere badago turistifikazioa? solasaldia egingo dute, 19:00etan, Plazara Goaz euskara elkartearen lokalean (Bernart Etxepare plaza).