Sei euskal preso donostiarri eragingo die 7/2014 legearen erreformak
Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzeko prest dago a 7/2014 lege organikoaren erreforma, PP alderdi eskuindarra saiatu bada ere erreforma atzera botatzen. Indarrean sartzen denean, amaiera emango zaio euskal presoei ezarritako salbuespen lege bati, Frantziako Estatuan betetako espetxe zigor urteak Espainiako Estatuan ez zenbatzearenari, hain zuzen ere. Europako Batasuneko zuzentaraura egokitzea da erreformaren xedea.
Sare Herritarreko eledun Joseba Azkarragak eta Bego Atxak erreforma baloratzeko agerraldia egin dute ostegun honetan, eta bertan jakinarazi duenez, 52 euskal presori eragingo die erreformak eta zazpik aske gelditu beharko lukete lehenbailehen. 52 horietatik, Sarek hedabide honi baieztatu dionez, sei dira donostiarrak. Hau da, aipaturiko lege erreformaren bidez, sei euskal preso donostiarri ahalko zaie zigorren kommutazioa egin, eta, beraz, salbuespen legearekin aurreikusitakoa baino lehenago aterako dira kalera.
Bestalde, datu orokorrak gogoratzearren, Etxerat elkartearen datuen arabera, hamahiru dira guztira zigorrak betetzen jarraitzen duten euskal preso donostiarrak. Horietatik, sei Martuteneko espetxean daude, lau Zaballakoan (Araba), bat Basaurikoan (Bizkaia) eta bi etxean daude preso.
Era berean, 7/2014 lege organikoaren erreformak eragingo dien 52 presoetatik, hamabi daude Martuteneko espetxean, Sarek agerraldian azaldu duenez. Beste 29 Zaballan daude (Araba), bost Basaurin (Bizkaia), lau Frantziako Estatuan (Lannemezango espetxean, Euskal Herritik 330 kilometrora) eta bi Iruñean (Nafarroa). Etxerat elkartearen datuen datuen arabera, guztira, 130 euskal preso ari dira oraindik zigorrak betetzen (EPPK-koak); 126 Euskal Herrian eta lau Frantzian. Bestalde, hamazazpi erbesteratu daude eta hiru deportatu politiko.