Sorleku parkearen proiektuaren alde borrokatzen jarraituko dute Intxaurrondoko bizilagunek
Auzoarentzako "kolpea" izan da udalak Sorleku parkea eraikitzekoak ziren lursailean aparkaleku bat jartzeko asmoa agertu izana, baina auzotarrak "erresistentziarako eta borrokatzeko gogoz" daude.
Aste honen hasieran jakin zen Donostiako Udalak asmoa duela Intxaurrondoko Dbusen kotxetegi aurrean dagoen lursailean disuasio aparkaleku bat jartzeko —Eneko Goia alkateak ere baieztatu zuen—, urteak geldirik daramatzan Sorleku parkearen proiektua alde batera utziz. Hedabide hau IZBE Intxaurrondoko auzo elkartearekin harremanetan jarri da, eta azaldu dutenez, “prentsaren bidez” izan zuten horren berri.
Kasu adierazgarria da, parte hartze prozesu luze baten fruitua baita Sorleku parkearen proiektua, eta auzoko haur, gazte zein heldu ugari inplikatu ziren prozesu horretan, auzoko bizilagun guztien beharretara egokitutako parke bat diseinatzeko. 2017 eta 2018 urteen artean abiatu zen proiektua, baina lursailak hutsik jarraitzen du, eta azken albisteak “kolpe” bat izan dira auzoan, IZBEko Izaro Basurkok deitoratu duenez: “Ez guretzat soilik, baita Intxhaurgunearentzat, ikastolarentzat, zahar etxearentzat… Parte hartze prozesua egin zen eta proiektua aurrera eramango zutenaren promesak egin zizkiguten. Bueltaka ibili gara, eta orain hau. Orain, gainera, Marrutxipiko lotune berriarekin, auto gehiago ibiliko dira Intxaurrondotik, eta planteatzen dute aparkaleku bat jartzea; ez Intxaurrondokoentzat, baizik eta kanpotik autoan datozenentzat”.
Udalak sustatzen duen hiri ereduarekin ere haserre agertu dira IZBEkoak: Zer nolako hiri eredua nahi dugu? Berdegune baten ordez, aparkaleku bat planteatzen dute, horrek ekarriko duen auto zirkulazio handiagoarekin, ikastola baten ondoan”. Halaber, gogorarazi du hasiera batean udalak esan zuela bertan ezin zela aparkalekurik eraiki: “Hor ekaitz tanga bat dago, eta, hasieran, esan zuten ezin zela bertan aparkalekurik jarri, baina orain, dirudienez, posible da. Ikusiko dugu nola gelditzen den, egiten bada”.
Udaleko Partaidetza Sailari ere mezu argia helarazi dio Basurkok: “Partaidetza Sailari esan beharko zaio gauzak ez direla horrela egiten, eta, hemendik aurrera, auzotarron konfiantza eduki nahi badute, gauzak beste modu batean egin beharko dituztela”.
Ez dute etsiko
Oztopoen gainetik, Basurkok argi du Sorleku aurreikusita zegoen lursailean eraikitzearen alde borrokatzen jarraituko dutela: “Gure helburua da Sorleku parkea hor egotea. Uste dugu leku aproposena dela horretarako, eta ez dela aparkaleku bat jartzeko espazio aproposa. Nahikoa auto izango ditugu auzoan lotune berriarekin. Bertan Sorleku parkea jarrita, auzoarentzako espazio libre on bat lortuko genuke, Intxaurrondok behar duelako halako espazio bat”.
Horrela, auzoko hainbat eragile bilduko dira egunotan —i_z_be@hotmail.com helbidera idatzita ere egin daitezke ekarpenak—, “zer bide hartu erabakitzeko”, Basurkok azaldu duenez: “Gaia bor-bor dago kalean. Badaukagu erresistentziarako eta borrokarako gogoa, lotsagarria delako udalak gauzak horrela egin izana. Hori da auzoan gehien errepikatzen ari den hitza: ‘lotsagarria'”.