Udalak baliabiderik ez duten pertsonentzako bitarteko gehiago eskatu dizkie Gipuzkoako herriei
Mahai iraunkor bat sortuko dute eskualde guztietako ordezkariekin, eta lehen bilera urte honen amaieran egitea aurreikusten dute.
Donostiako Udalak bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako baliabide gehiago eskatu dizkie Gipuzkoako gainerako herriei. Izan ere, udalak azaldu duenez, arreta eskaerak gora egin du azken urteetan, eta laguntza behar dutenen gehiengoa Donostian dago, baliabide gehienak ere hirian daudelako. Udalaren arabera, Donostiak gizarte larrialdiko egoeran dauden pertsonentzat eskaintzen dituen zentro eta zerbitzuak “beteta” daude, eta beraz, “elkartasuna” eskatu die lurraldeko gainerako herriei ere, harrera etxeak, eguneko arreta zerbitzuak edo gaua igarotzeko zentroak eskaini ditzaten.
Horretarako, udalak mahai iraunkor bat sortzeko eskatu du, Gipuzkoan bazterkeriaren aurka jarduteko, eskualde guztiekin elkarlanean. Lehenengo bilera urte honen amaieran egitea aurreikusten dute.
Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotziak El Diario Vasco egunkariari azaldu dionez, Donostiako zerbitzu eta baliabideak “beteta” daude: “Txandakatze handia dagoen arren, bete egiten dira beti. Gainezka daude eta aurrekontua, udalarena dena, ez da mugagabea”.
Datuei dagokionez, Idoetak honako azalpenak eman dizkio aipaturiko egunkariari: “Aurten bonba bat izaten ari da, eta dagoeneko hornitu ezin dezakegun presio batean dago hiria. Uda, zehazki, eromena izan da. Hestia eguneko arreta zerbitzua soilik kontuan hartuta, 807 pertsona artatu dira uztailaren 1etik irailaren 16ra arte, hau da, hilean 323 pertsona inguru. Baliabide guztiak topera daude eta jendeak etortzen jarraitzen du”.
Zinegotziaren arabera, udal aurrekontu batetik ari da udala lurralde osoan baliabideak ematen. Kopuru hori 3,3 milioi eurora iritsi zen 2023an, eta udalak 2,9 milioi euro aurreikusi zituen zerbitzu horiek hobetzeko. Bada, horri buelta emateko, Idoetaren ustez, “udalerri garrantzitsuak daude” biztanleriari dagokionez “bazterkeria baliabideetan lanean has daitezen. Ez badituzte, sortu ere ez dituztelako egin da”.