Zer aldaketa aurreikusten ditu HAPOak mendebaldeko auzoetan?
Aiete, Antigua, Añorga eta Ibaeta auzoetako bizilagunen aurrean aurkeztu dute aurrerakina, aste honetan.
Donostiako beste eremu batzuetan egin duten moduan, HAPOaren aurrerakina aurkeztu zieten asteartean mendebaldeko bizilagunei. Antigua Luberri institutuko jangelan bildu ziren Aiete, Antigua, Añorga eta Ibaeta auzoetako hamarnaka lagun, prozesu parte hartzailea diseinatu duten RAZ eta Osoigo enpresetako Ander Gortazarren eta Xabier Muruaren azalpenak entzuteko. Bertan izan ziren ere, Juan Carlos Cuevas Hirigintzako teknikaria eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia.
Hitzaldiaren hasieran azaldu zuten moduan, ekarpenak azaroaren 5eko saioan jasotzen hasiko dira. Aurreratu zutenez, “guztiak eztabaidatzeko tarterik ez dagoenez”, multzotan banatuko dituzte herritarrak, zazpi gai zehatz jorratzeko. Lehen saio hori, beraz, HAPOaren aurrerakina zertan datzan azaltzeko baliatu zuten soilik. Aurkezpenaren hasieran, auzo horien inguruan egindako diagnosia plazaratu zuten ondotik aurrerakinean jasotzen diren proiektu zehatzak helarazteko.
Aurrerakinak jasotzen dituen azpiegitura handien aldaketen artean, GI-20 errepidearen urbanizazioa aurreikusten dute. Eraldaketa horrek ekialdeko eremuari ez ezik, mendebaldeko Añorgari eta Aieteri eragingo die, bereziki. Batetik, Añorgako lotunean bizitegi eremua sortu nahi dute, “Añorga hiriarekin hobeto lotzeko”. Bestetik, Illunbeko eremuaren berrantolaketa jasotzen du aurrerakinak; hau da, GI-20 errepideko saihesbidea hiri etorbide bilakatzea.
Etxebizitzari dagokionez, dagoeneko bideratuta daude HAPOan jasotzen diren proiektu nagusiak. Horien artean daude, besteak beste, Illarrako, Diario Vasco eremuko eta Infernuko etxebizitzak, Ibaetan; eta Añorga Txikiko tren geltokiaren aldameneko etxebizitza multzoa. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuenez, Illarrakoak “hasita egon beharko lirateke”, baina “sententzia baten zain daude”, Diario Vasco eremukoen lanak hemendik urtebetera hastea aurreikusten dute, eta Infernukoak 2025eko urtarrilean hasiko dituzte.
Mendebaldeko auzoetan, espero den etxebizitza kopuru hauek jasotzen ditu aurrerakinak: Diario Vasco eta Illarran 595 etxebizitza, horietatik 250 babestuak; Añorgako lotunean 490 etxebizitza, horietatik 178 babestuak; Munto, Errondogaina II, Añorgako geltokia Txapeldegiberri eta Infernuan 966 etxebizitza, horietatik 386 babestuak.
Mendebaldeko auzoek jarduera ekonomikoaren kontzentrazioa dute, batik bat, Igara industriagunea eta Miramongo Parke Teknologikoa dutelako. Horiek horrela, espazio horiek berrantolatu eta garatu nahi ditu aurrerakinak. Horien artean ondorengo hau jasotzen da: Miramongo Parke Teknologikoa handitzea, Illunbeko azpiegituren jarduera ekonomikoa garatzea, eta Belartzagoia eta Errekaldeko jarduera ekonomikoa indartzea. Era berean, Igara industriagunearen eremua berrantolatu nahi dute, eraztun berderako sarrera hobetu eta inguruko balio naturalak sustatzeko.