Gizonezko bat atxilotu dute Garbera inguruan, ihesaldi baten ostean
"Auskeriaz gidatzea" egotzi diote atxilotu duten gizonari.
Gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean, Garberako saltoki batean liskar bat izan, eta autoz ihes egiten saiatu ostean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezkoak ez zuen gidabaimenik eta “ausarkeriaz” gidatu zuen. Horiek horrela, atxilotu egin zuten eta udaltzaingoa ari da delitu horiek tramitatzen.
Iturrien arabera, atxilotuak arazo bat izan zuen dendetako batean. Hori dela eta, segurtasun langileak eremura bertaratu ziren, eta, ondoren, Ertzaintzari deitu zioten. Agenteak iristerakoan, ordea, gizonak ihes egin zuen, eta bi emakumezko zeuden ibilgailu batera igo zen. Jakinarazi dutenez, Ertzaintzako bi autok jarraitu zuten atzetik, gizonezkoa ihesi zihoala.
Agenteak geldiarazten saiatu ziren, baina gizonak ez zien jaramonik egin eta aurrera jarraitu zuen. Segurtasun Sailak zabaldu duenez, iheslariak ausarkeriaz gidatu zuen eta, tarte baten ostean, Garberako biribilgune handira sartu zen, kontrako norabidean. Azkenean, biribilgunearen erdian sartu zen, agenteak saihesteko asmoz, baina bidea itxi zioten, eta bertan geldiarazi zuten.
Ertzaintzak eginbideak ireki dizkio agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik, mehatxuengatik eta polizia ibilgailuan kalteak eragiteagatik. Izan ere, Ertzaintzaren bi auto kaltetu zituen.