Kaleratzeak Stop plataformak iruzurrezko alokairuen aurkako kanpaina bat abiatu du
Plataformak gida bat aurkeztu du maizterrek iruzurrezko kontratuak dituzten ala ez egiaztatu dezaten.
Kaleratzeak Stop plataformak gida bat aurkeztu du iruzurrezko aldi baterako kontratuen eraginpean dauden maizterrei laguntzeko. Plataformak Ernest Lluch Kultur Etxean egin duen prentsa agerraldian azaldu duenez, aldi baterako kontratuak ugaritzen ari dira espekulazioaren ondorioz, baina horietako askok ez dituzte legeak ezarritako baldintzak betetzen. Hala, deialdia zabaldu diete maizterrei, egun duten kontratua iruzurrezkoa ote den egiaztatu, eta hala balitz, aldi baterako kontratu hori Hiri Erredamenduen Legeak araututako bost edo zazpi urteko kontratu bilakatzeko: “Iruzurrezko milaka kontratu legezko kontratu izatera pasa daitezela nahi dugu”.
“Berritzailea” bezain “garrantzitsua” den gida Euskadiko Kaleratzeak Stop plataformak zabaldu du. Alaibaina, Afectados por la Hipoteca plataformaren babesa jasoko du Espaniako estatuan, gainerako lurraldeetan ere ezagutzera eman eta aplikatu dadin. Marce Garcia eta Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kideek azaldu duenez, berme guztiekin egindako gida bat da, “atzetik jurisprudentzia” baitu.
Obrak, ikasketak edo lana
Kideek jakitera eman dutenez, aukeztu berri duten aukeraren “gakoa” aldi baterako kontratuen justifikazioan datza. Izan ere, halako kontratuak hiru arrazoiengatik egin daitezke: ikasketengatik, lanagatik, edo obrak egin behar dituztelako maizterraren bigarren etxebizitzan. Epeari dagokionez, urtebete baino gutxiagokoa izan beharko eta ezin izango da, ez aldi bateko kontratua beste batekin luzatu, ezta maizterren etxebizitza nagusia izan: “Hala, inor denbora luzez bertan erroldatuta badago, aldi bateko iruzurrezko kontratua dela ulertuko da”, adierazi dute kideek.
Rosa Garciaren arabera, aldi baterako kontratu gehien dituen hirugarren hiria da Donostia eta errentatzaileek trikimailuak bilatzen dituzte etxebizitza egonkorreko kontratu bat ezkutatzeko: “Batzuetan familia bakar bati alokatzen zaio gelaka”. Gaineratu duenez, gazteak ez ezik, seme alabak dituzten familiak eta erretiratuak ere halako kasuen aurrean aurkitzen dira: “Kontratu mota hau sinatzen dute beste aukerarik ez dutelako”.
Halakoa da baita ere Fernandoren kasua. 70 urte ditu eta Parte Zaharreko Enbeltran kalean bizi da. Bertan dago erroldatua, bertan eman baititu azkeneko hamabi urteak, logela baten alokairuarekin: “Beti egin dizkiote aldi baterako kontratuak, baina ez da ez ikasle, ez langile. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen du egun”, argitu du Rosa Garciak. Orain, jabeak kaleratu egin nahi du, baina Fernandok aurre egingo dio, iruzurrezko alokairuan egon dela baieztatu baitu.
Horiek horrela, plataformatik dei egin diote hiritarrei, antzeko kasuen batean daudela susmatuz gero, egin duten gidaren bidez egiaztatzeko. Iruzurrezkoa balitz, eskegi duten burofaxa bidaltzea litzateke hurrengo pausoa, bost edo zazpi urteko kontratuak jaso eta errenta igoerak mozteko: “Maizterrek iruzurrezko kontratuen aurka borrokatzeko eta egonkortasun pixka bat irabazteko aukera izatea nahi dugu “.