HAPOa onartzeko prozesuan, udalak herritarren parte hartzeari trabak jartzen dizkiola salatu du Lantxabek
Aieteko Lantxabe bizilagunen elkarteak salatu duenez, udalak ez dizkie herritarrei erraztasunak jartzen Hiri Antolamenduaren Plan Orokor (HAPO) berria sortzeko prozesuan. “Legeek behartzen dute udal gobernua herritarren parte hartzea erraztu eta babestera. Estatuko eta autonomia erkidegoko legeak dira, eta biek sustatzen dute auzotarren inplikazioa hiri plangintzan, eta nahitaezkoak dira gobernuarentzat”, azaldu du bizilagunen elkarteak.
Elkartearen ustez, Plan Orokorra aukera bikaina da “bizi garen hiria aztertzeko, bertan bizi diren pertsonei entzuteko, haien arazo eta erronkei buruz hausnartzeko, izan daitezkeen konponbide eta alternatiben inguruan hitz egiteko, lehentasunezko jardueren inguruan elkarrekin eztabaidatzeko eta egitasmo egokienak eta bideragarrienak ezartzeko”.
Ordea, HAPO berri honen kudeaketan izandako ibilbidea “etsigarritzat” jo du Lantxabek. Planaren aurrerapena Jornet-Llop Pastor katalanaren estudioak eta Ekain Abokatuak taldeak osatutako taldeari eskatu zion udalak. “Dokumentu horrek 2023ko martxorako amaituta egon beharko luke. Urte horretako abenduan entregatu zen, baina ez da publiko egin joan den hilaren 30era arte”, salatu dute.
Lantxaberen arabera, HAPOaren aurrerapenaren aurkezpena “giro hotz” batean egin zen, oinarrizko dokumentuaren arduradunen presentziarik gabe eta jende gutxirekin; bi galdera baino ez zituzten onartu, “udal gobernuak Plan Orokorraren onarpena izapide huts bihurtu nahi duelako sentsazioarekin”. Bilera hartan bizitakoagatik, elkarteak uste du udalak parte hartze prozesuak nahitaez egingo dituela, “baina konbentzimendurik gabe”.
Elkarlanik ez
Lantxabek adierazi du udal gobernuak sustatzen dituen informazio bilerek, enpresa pribatu espezializatuetako teknikariek zuzenduta —Osoigo eta RAZ—, aurrerapenaren berri emateko funtzioa dutela, baina ez dutela “elkarrekin erabakitzeko benetako prozesua errazten”.
“Informatzea eta hitz egitea ez dira gauza bera; parte hartzeak prozesu bizia izan behar du, eta hiriko biztanleek rol aktiboa izan behar dute prozesuaren etapa guztietan, hasierako diagnostikotik hasi eta amaierako plana ezarri arte”, nabarmendu du elkarteak.
Are gehiago, salatu dute aurkezten den HAPOaren aurrerapena “auzoek egindako proposamenak kontuan hartu ez dituen aurretiazko diagnostiko batean” oinarritu dela. “Hala gertatzen da, behintzat, Aieten. Herritarrak, batez ere gazteenak, gehien kezkatzen dituen gaietako bat etxebizitzarena da; izan ere, mendebaldeko auzoetako bilera horretan, adierazi zuten etxebizitza aurkezpenetik kanpo zegoela”, adierazi dute.
Añorga, Aiete, Ibaeta, Miramon-Zorroaga eta Antigua auzoei zuzendutako hurrengo bilera azaroaren 5ean egingo dute, eta Lantxabek eskatu du herritarrentzako leku erosoago batean egiteaz gain —aurrekoa Luberri institutuan egin zuten, “ondo egokitu gabeko espazio batean”—, herritarrek ere beraien iritziak emateko espazioa izan dezatela.