Hilaren 25etik 30era egingo dute Donostiako WeekINN Berrikuntzaren Astea
Donostia WeekINN Berrikuntzaren XI. Astea egingo dute hilaren 25etik 31ra, Donostia Sustapenak antolatuta. Aurreko hamar edizioetan, 380 jardueratik gora antolatu dituzte hiriko hainbat espaziotan, erakunde nazional eta nazioartekoen lankidetzari esker. “Aurten ere, lankidetza hori ezinbestekoa izango da berrikuntza, zientzia eta ekintzailetza herritarrengana hurbiltzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Edizio honetan, ekintzailetza ardatz nagusi izango da EKINNekin, aurten ireki den berrikuntza eta ekintzailetzarako nodoarekin. Erreferentziako espazioa izango da aste osoan zehar, eta bertan egingo dira herritar guztiei zuzendutako jaialdia, gazteentzako nazioarteko topaketa bat eta tokiko ekintzailetza proiektu berritzaileenentzako jardunaldi bat.
Adierazi dutenez, Berrikuntzaren Asteak indartu egingo du Donostia Sustapenak ezagutza, zientzia eta berrikuntza sozializatzearen alde egin duen apustua, Donostiako enpleguaren %35,3 eta BPG-aren %49 hartuta.
Egitaraua
Aurtengo WeekINN asteak jarduera nagusi hauek izango ditu, jardunaldika banatuta:
Urriak 25, ostirala eta urriak 26, larunbata
Berrikuntzaren Asteak EKINN espazioa (San Bartolome Gaina) hiriaren zerbitzura jarriko du, herritarren jaialdi batekin. Ostiral arratsaldetik, EKINN Fest jaialdiak familia osoarentzako jarduerak eskainiko ditu, horien artean, STEAM bokazioak sustatzeko joko eta erronkak, zuzeneko musika, EKINN espazioaren bisita gidatuak, erakusketak eta escape room-ak.
Urriak 28, astelehena
Goizeko lehen ordutik, EKINN izango da NEXT GEN nazioarteko gazteen topaketaren egoitza. Hiriak gazteentzako erakargarriagoak egiteko estrategiak eztabaidatuko dira han. Jardunaldia ingelesez egingo da, izen ematea librea da eta Eurocities sare europarrarekin eta Next Generation Academy-rekin lankidetzan antolatu da, bertako zein atzerriko gazteek erronka honen inguruan elkarrekin hausnartu dezaten. Ekimena astean zehar ere errepikatuko da, jardunaldi murriztuagoekin, hiriko zenbait unibertsitate eta lanbide heziketako zentrotan.
Arratsaldean, 18:30etik 20:00etara, eta hiriko I+G+B agenteekin lankidetzan, Kursaalen antolatuko da inpaktu soziala duen zientziari buruz hitz egiteko herritarren topaketa. Zientzialari ospetsuek emango dituzten ponentziez gain, zientziaren esparruko funtsezko agenteak gaiari buruz eztabaidan arituko dira.
Urriak 29, asteartea
Goizean, konexiorako espazio bihurtuko da EKINN; startup, ekintzaile eta tokiko enpresa berritzaileak harremanetan jartzeko inbertitzaile, korporazio nazional, nazioarteko korporazio eta proiektu berritzaileen garapen eta hazkunderako bestelako erakunde garrantzitsuekin.
Urriak 30, asteazkena
Goizean, Anoetan bilduko dira LHko eta zenbait unibertsitatetako 400 ikasle inguru, hiriko lan aukerak eta horietara hurbiltzeko modurik eraginkorrenak ezagutzeko. Hala ere, interesa duten pertsona guztiei ere irekita dago jarduera, enplegua bilatzeko prozesua hobetzeko aholkularitza jaso nahi badute.
Arratsaldean eta Emakumeak Zientzian elkartearekin lankidetzan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan topaketa bat antolatuko da, emakumeek zientzian duten eginkizuna ezagutzera emateko eta STEAM bokazioak areagotzeko helburuekin. Donostian lan egiten duten emakume ikertzaile zientifikoek beren esperientziak partekatuko dituzte eta historiako zenbait emakume zientzialari nabarmeni omenaldia egingo diete.
Urriak 31, osteguna
XI. WeekINN Astearen amaiera DSS INN Enpresa Berritzaileen IX. sariak izango dira. Sari hauekin, beren enpresa proiektuetan berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egin duten eta beren sektoreko zein hiriko erreferente bihurtu diren erakundeen lana goraipatzen du Donostia Sustapenak. Galan, saria emango zaie enpresa gazte berritzaile bati, ongi finkatutako enpresa bati eta hiriko berrikuntzarekin konpromisoa duen erakunde bati.