Santa Katalina zubiaren bi aldeetan bidegorria jartzea proposatu du Kalapiek, mugikortasuna hobetzeko
Kalapie Donostiako txirrindularien elkarteak Santa Katalina zubian eta Euskadi plazan oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzeko proposamen bat helarazi dio udaleko Mugikortasun Sailari, baita proposamena publiko egin ere. Errepideari errei bat kentzean eta espazio hori bidegorriarentzako erabiltzean datza proposamena.
Zubiko errepideak sei errei ditu egun —lau Gros-Egia norabidean eta bi Erdialderantz joateko norabidean—, eta, Kalapiek nabarmendu duenez, “zirkulazioaren abiadura handia da, eta arriskua sortzen du. Bestalde, bidegorriaren diseinua dela eta, oinezkoen eta txirrindularien arteko gatazka sortzen da, bidegorria espaloira igotzen delako eta oinezkoen joan-etorria handia delako”. Horrela, Kalapiek proposatu du Gros-Egia norabideko erreietako bat kendu eta bertan bidegorria jartzea, eta egungo bidegorria, bi noranzkoen erdian dagoena, zubiaren beste aldera pasatzea. Modu horretan, zubiaren bi aldeek edukiko lukete bidegorria, beheko irudian ikus daitekeenez.
Horrez gain, Euskadi plazaren eremuan, non gaur egun bidegorriak oinezkoentzako guneak eta plaza zeharkatzen dituen, errepidearen kotan bidegorrirako trazatu berri bat sortzea proposatu du elkarteak, oinezkoentzako guneak inguratuz eta, horrela, oinezkoen eta bizikleten arteko gatazkak saihestuz. Honela oinezkoei lekua eman eta bizikleta mugikortasuna antolatzea lortzen da. “Proposamena Mirakruzeko etorkizuneko konexio batekin bateragarria izatea bilatu da, Mugikortasun Planak jada adierazten baitu bertan bidegorria egiteko beharra”, gehitu du Kalapiek.
Elkarteak gogorarazi du Santa Katalina zubiaren ingurua, bereziki Euskadi plaza, “oso puntu garrantzitsua” dela bizikletaz eta oinez mugitzeko: “Hiriko hainbat gune lotzeko funtsezko lekua da, inbutu garrantzitsua sortzen da eta erabiltzaile eta oinezko asko igarotzen dira bertatik. Foruen pasealekuan hobekuntzak aurreikusita badituzte udalaren planek, bidegorria etorkizunean galtzadako egungo erreietako baten espazioa hartzera igaroko baita, baina eremu honetan ez da inolako esku hartzerik aurreikusten udalaren Mugikortasun Planean”.