Arratoien afera klima aldaketarekin lotu du Eneko Goiak
Bidebietan, Loiolan, Intxaurrondon eta Amaran ugaritu direla salatu dute hainbat herritarrek.
Eneko Goia alkateari arratoien arazoaren inguruan galdegin diote gaur, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Izan ere, hainbat auzotako herritarrek ohartarazi dute arratoi gehiago ikusten dituztela kalean, zaborrontzien inguruetan.
Arratoien “kontrako borrokan” bi faktore “gehigarri” daudela esan du Goiak, arloko arduradunekin hitz egin ostean. Horrela, hirian arratoi gehiago ikustea klima aldaketaren ondorioetako bat dela adierazi du: “Hirian ez daude arratoi gehiago, baizik eta lur azpian ibiltzen diren asko azaleratzen ari dira. Horrek klima aldaketarekin du lotura”.
Horrez gain, argitu du arratoiek pozoiekiko immunitatea garatzen dutela, eta hortaz “aldiro” aldatu behar direla pozoiak. “Horrek eskatzen du gainean egotea, eta aldatu behar bada tratamendua, aldatzea. Jarraitzen dugun gai bat da”, nabarmendu du alkateak.