«Boluntarioak behar ditugu, akonpainamendua eskaini eta gizarteratzea bultzatzeko»
Baketik erakundeak Home Start Gipuzkoa programa jarri du abian, haurrak dituzten eta gizarte bazterkeria egoeran dauden familiei boluntarioak eskaini, eta egunerokotasuna errazagoa egiten laguntzeko. Irekita daude izen emateak.
Zein da Baketik erakundearen mentoretza programa berria?
Ingelesezko izena du, berez, 1970eko hamarkadan Ingalaterran sortutako proiektu bat delako. Home Start izena du, eta etxean hazi gisa itzul dezakegu. Guk, Home Start Gipuzkoa izena jarri diogu, eta lelo gisa, Familiak eskuz esku erabiltzen dugu.
Zein helburu du programak?
Programa honen helburua da beraien haurrak hezteko zailtasunak dituzten familiei boluntarioak eskaintzea. Mentoretza sozialaren korrontean sartuko litzateke proiektu hau, eta mentoretza sozialean egiten duguna da jendeari lagundu, baina akonpainamendu zentzuan. Eskaintzen duguna da pertsona bat, bikote bat edo familia bat babesa ematen diona gizarte bazterkeriako arriskuan egon daitekeen familia bati. Guk familia oso era zabalean ulertzen dugu, gaur egun dauden familia aukerak aintzat hartuz. Batez ere, guraso bakarrez osatutako familiengan arreta berezia jartzen dugu. Adibidez, izan daiteke emakume bat atzerritarra dena eta hemen, sare sozialik edo familiarik ez duena, eta bere haurren zaintzan eta hezkuntzan zailtasunak dituena. Programa honek eskaintzen dituen boluntarioei esker, akonpainamendu bat eskaintzen dugu horrelako kasuetan, gizarteratzeko aukerak zabaltzeko.
Proiektu pilotu gisa jarri duzue martxan. Zein behar identifikatu dituzue?
Berez, haur txikiak dituzten familientzako programa bat da, 8 urtetik beherako haurren bat dutenentzat. Akonpainamendua etxean bertan eskaintzen da, etxeko zaintza eta egunerokotasuna bideratzen laguntzeko.
Donostian eta inguruan, zenbat boluntario behar dira?
Azkenean, proiektu pilotu bat denez, zifra txikiak bilatzen ditugu. Hiru izan daitezke, adibidez, ez gabiltzalako boluntario pila baten bila. Hasiera batean gutxi dira, baina aurrera begira, gehiago egongo dira. Prozesua ere poliki joaten gara martxan jartzen, aurretik formazio bat ere eskatzen duelako. Ez du balio parte hartzera animatzeak soilik, hautaketa prozesu bat pasatu behar delako. Profilak aztertzen ditugu, eta talde profesional bat dago atzean, bikoteak ahalik eta egokien egiteko. Gertutasuna faktore bat da, baina beste batzuk ere egon daitezke; norberak zer eskaini dezakeen eta beharrean dagoen familia horrek zer behar zehatz dauzkan. Horren arabera, profil desberdinetako jendea gerturatzea interesgarria da guretzat.
Baldintza zehatz batzuk bete behar dituzte boluntarioek?
Adinaren aldetik, ez dago baldintzarik, eta ezta formazioari dagokionez ere. Hau da, ez da behar profesionala izatea edo arlo jakin bateko ezagutzak izatea. Eskatzen duguna da, familien bitartez haurrei zuzendutako programa bat izanik, boluntarioek seme-alabak izatea, haurren hezkuntzan esperientzia izatea edo profesionalki horretan lan egin izana. Horrez gain, denbora izatea ere eskatzen dugu. Asteroko programa bat da, eta astean behin elkartuko lirateke familiak eta boluntarioak, beraz, horretarako denbora izatea eskatzen dugu. Kontuan hartu behar da hilabete batzuez luzatuko dela programa, eta agian, urtebetekoa ere izan daiteke. Beraz, konpromisoa izan behar da.
Horrez gain, funtsezkoa da boluntarioek jarrera irekia izatea edozein pertsonarekin lan egiteko: jatorria, egoera sozioekonomikoa, erlijioa, sexu ekonomikoa, kultura eta beste hainbat faktore sartu daitezke hor. Aurreiritziak saihestea eskatzen diegu boluntarioei.
Zein onura ditu proiektu honetan parte hartzeak?
Lehen esan dudan bezala, hau aspaldi sortutako proiektu bat da, eta munduko herrialde askotan jarri izan dute martxan azken 50 urteetan. Onuren inguruko ikerketak egin izan dituzte, Europan gehienbat, eta bazterketa soziala pairatzen duten pertsonentzat baliabide eraginkorra dela frogatu dute. Modu informal batean garatzen da proiektua, azken finean, boluntarioak ez direlako profesionalak. Horrela, errazagoa da behar duten familiek parte hartzea, hobeto ikusten dutelako laguntza hori jasotzea, zerbait formalagoa denean baino.
Boluntarioek, gainera, zubi lan bat egiten dute familia horien eta inguruko komunitatearen artean, informazioa eskaintzen dietelako bestela erabiliko ez lituzketen hainbat baliabideren inguruan.
Horrez gain, ahalduntzearen arloa ere lantzen du programa honek. Boluntarioek ezagutza jasotzen dute eta trebatu egiten dira, baina familiek nolabait ahalduntzea lortzen dute.
Non eta noiz arte eman daiteke izena?
Ez dago eperik. Interesa duenak, mezu bat bidali dezake infohsg@baketik.org helbide elektronikora, edo honako zenbaki hauetara deitu dezake: 943-25 10 05 eta 688-64 43 54. Informazio gehiago jaso nahi duenak ere bide horien bidez egin dezake.