Eusko Ikaskuntza Erdialdera lekualdatu dute
Gaurtik aurrera, Bergara kaleko 19. zenbakian dago Eusko Ikaskuntzaren egoitza nagusia. Orain arte, Miramar jauregian zituzten bulegoak —29 urte egin dituzte han—, baina egoitza propio bat atondu dute hiriaren Erdialdean. Egoitzak 250 metro koadroko azalera du, bi solairu, eta hamar laguneko lan taldearen lantokia izango da.
Inaugurazio ekitaldia egin dute gaur goizean, eta, besteak beste, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta Eneko Goia alkateak parte hartu dute. “Egoitza berri hau aldaketa bat suposatzen du: ez bakarrik itxura gaurkotu eta modernoagatik, baizik eta asmoetan ere agerikoa delako kalera irekitzen garela. Irisgarriagoak gara orain: topaleku eta lanerako gunea izan nahi dugu, sinergiak bultzatu eta elkarlanerako aukerak biderkatuko dituena bazkide zein eragileengandik gertuago gaudelarik”, adierazi du Urkizak.
Goiak ere hitza hartu du: “Donostiaren erdigunean Eusko Ikaskuntza izatea ohore bat da, jakintza eta pentsamendurako ezinbestekoa da”.