Palestinaren aldeko keinuak egitera deitu dituzte Realeko jokalariak eta zaleak
Realak Maccabi Tel Aviv taldearen aurka jokatuko du ostegunean (hilak 24, 18:45), eta realzale talde batek partidan Palestinaren aldeko keinuak egitera deitu ditu jokalari zein zale txuri-urdinak, sare sozialen bidez zabaldutako deialdi baten bidez. Izan ere, aipaturiko taldea da Israelgo Estatu sionistak bere jarduna kirolaren bidez zuritzeko erabiltzen duen kirol talde nagusia, bereziki, saskibaloian.
Israel Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa dela eta, Europa Ligako partida ez da Tel Aviven jokatuko, Belgraden baizik (Serbia), Partizanen zelaian. Realeko 137 bazkidek eman zuten izena neurketa ikustera joateko sarrerak eskuratzeko zozketan, eta ez da aurreikusten 150 zale txuri-urdin baino gehiago egotea harmailetan.
Ez da realzaleek Palestinarekiko elkartasuna adierazten duten lehenengo aldia. Hain zuzen ere, iazko Txapeldunen Ligako Benficaren aurkako partidan, Bultzada Txuri Urdinak Palestinaren aldeko ekintza ikusgarria egin zuen Aitor Zabaleta harmailan; hedabide honek bideoan jaso zuen ekintza eta nazioartean zabaldu ziren irudiak.