Marrutxipiko pantaila akustikoak egokitzen ari dira, hegaztiek talka ez egiteko
Marrutxipiko lotune berrian zarata apaltzeko ezarri dituzten pantailak egokitzen ari dira, hegaztiek pantaila horiek oztopo bat direla garbi ikus dezaten eta, ondorioz, talka egin ez dezaten.
Eguzki talde ekologistak azaldu duenez, abuztuaren hasieran hasi ziren pantailak jartzen, eta naturazaleen artean berehala piztu zuten kezka. “Izan ere, pantailak, gaur arte, erabat gardenak izan dira, eta kristal gardenak, ingurua ispilu baten moduan islatzen dutenak, hegaztientzako tranpa hilgarriak dira”, nabarmendu dute.
Arazo hori “biodibertsitate arazo larria” da Eguzkirentzat, eta haien ustez, aldundiak “badu horretaz kontziente izateko arrazoirik”. Izan ere, basafauna berreskuratzeko Basabizi zentroak orain dela hainbat egun jakinarazi duenez, “artatzen dituen animalia gehienak kristalen edo eraikinen kontra talka egindako hegaztiak dira”.
Marrutxipiko kasuan, naturazaleen kezka “guztiz justifikatuta” zegoela adierazi du Eguzkik, “oso pantaila luzeak eta zabalak” izateaz gain, zati gehienean “bi pantaila paraleloan” jarrita daudelako, “hau da, zati gehienean hesia bikoitza delako”.
Gauzak horrela, irailaren hasieran, Bide Azpiegituretako Departamentura jo zuen Eguzkik, azalpen eske. Departamentuak pantaila gardenak “laster” binilozko irudi geometrikoekin adornatzeko asmoa zuela erantzun zuen. Eguzkik azaldu duenez, gaur egun, irudi geometrikoak “eraginkorragoak” dira kristal askotan ikus daitezkeen hegaztien silueta beltzak baino. Bada, dagoeneko ari dira irudi geometriko horiek jartzen pantailen gainean.