Turistifikazioak Herrera ere zeharkatzen du
Turistifikazioa agerikoa da Donostiako erdiguneko eta erdigunetik gertuko auzoetan, baina turistifikazioa heltzen al da periferiako auzoetara? Galdera horri erantzuteko asmoz, Turistifikazioaren Aurkako Urriaren bueltan, hainbat auzotara joaten hasi dira desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformako kideak, hiriko turistifikazioaren egoera orokorra eta dagokion auzoko datuak aurkeztu, eta auzotarrak entzun eta sentsibilizatzeko. Igandean itxiko dute urriko egitasmo sorta, 50 bat eragilek babestu duten manifestazio batekin.
Horrela, Herreran egin zuten lehenengo solasaldia astearte arratsaldean, Intxaurrondon egongo dira gaur (19:00etan, Plazara Goazen lokalean) eta Amara Berrin eta Martutenen ere solasaldiak antolatuko dituzte. Asier Basurto eta Maider Uralde Bizilagunekineko kideek gidatu zuten Herrerako solasaldia, eta hiriko egoera orokorra aurkeztu ostean, lehenengo galdera bota zieten bertaratutako herreratarrei: “Ba al dago turistifikaziorik Herreran?”. Abiapuntu gisa, auzo bizitzari erreferentzia egin zion auzotarretako batek: “Turistekin lotzen dugu turistifikazioa eta hemen ez dira horrenbeste turista ikusten, baina hemengo jendea ere ez, asko beste auzo batzuetatik hona etorri baitira bizitzera, baina ez dute bizitza hemen egiten”.
Uraldek eta Basurtok jarraian aurkeztu zituzten datuek erakutsi zutenez, horrek harreman zuzena dauka Donostiako turistifikazioarekin, auzoetako sare komunitarioetan eragin zuzena baitauka fenomenoak.
Etxebizitzaren garestitze etengabea
Nabarmena da erdiguneko auzoetako etxebizitzaren prezioek azken urteotan izandako gorakada, baina periferia ere ez da atzean gelditzen, Bizilagunekinekoek hizpidera ekarri zituzten datuek erakusten dutenez: Altzan (Herrera barne), 2017tik 2023ra, %40 igo da etxebizitzen erosketa prezioa, batez beste; 1.853 euroan zegoen metro koadroa 2017an eta 2.586an 2023an. Alokairua, bestalde, %20 igo da denbora tarte berean, hilean 690,5 euro ordaintzetik 825,6 ordaintzera, batez beste. Herreraren ondoan dagoen Bidebieta-Mirakruz eremuko denbora tarte bereko datuak ere aurkeztu zituzten, eta bertan ere nabarmena da igoera: %66 igo da erosketa prezioa eta %14 alokairua.
Etxebizitzaren garestitzea da hein handi batean turistifikaziotik datorren ondorio nabarmenena eta nagusia, baina ez bakarra. Bizilagunekineko kideek azaldu zutenez, kontsumo prezioen gorakadak, merkataritza txikiaren galerak eta baliabide publikoak modu batean edo bestean turismoarekin zerikusia duten jardueretara bideratzeak ere badute harremana turistifikazioarekin. Eta, hori Herreran ere nabaritzen da.
Hain zuzen ere, Altza osoko establezimenduen datuak mahaigaineratu zituzten, eta ondorio nagusia argia da: 2014tik 2023ra, 169 establezimendu galdu dira, gehienak (75), auzo bizitzan paper garrantzitsua jokatzen duten merkataritza, ostalaritza eta garraio arloetakoak. Era berean, azaldu zuten Altzako okupatutako biztanleen %78,3ak (6.557 lagun) zerbitzuen arloan egiten dutela lan (2021eko datuak dira). “Ondorioztatu daiteke %78,3 horren zati handi batek turismoarekin lotutako lanak dituela, Altzatik kanpo: ostalaritzan, hoteletan, erdiguneko dendetan, eta abarretan”, gaineratu zuen Basurtok.
Proiektu estrategikorik ez
Beste datu adierazgarri batez mintzatu ziren solasaldian, baita ere: hiriko proiektu estrategikoak Grosetik mendebaldera dauden auzoetan sustatzen dira, sekula ez ekialdera dauden auzoetan. Horren adierazgarri dira, besteak beste, Groseko Basque Culinary Centerren (BCC) bigarren egoitza, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta Miramongo Parke Teknologikoa. Hau da, lanpostuak ez dituzte ekialdean sortzen, eta, beraz, Herrerako eta inguruetako herritarrak beste auzo batzuetara doaz lan egitera, bizitoki gisa duten auzoko auzo bizitza ahulduz.
“BCCren proiektuak zalaparta handia sortu du Gros eta Ulia inguruan, baina akaso Herrerako edo Altzako eremu degradaturen batean sustatu izan balitz, beste harrera bat izango luke, lanpostuak sortuko lituzkeelako auzoan, eta abar. Baina, noski, Herreran jartzen baduzu, handik ateratzean, ezin zara Zurriolara joan olatuak hartzera”, gehitu zuen Basurtok. Hain zuzen ere, Bizilagunekinekoek salatu zuen halako azpiegiturak ere turismora begira eraikitzen direla, eta BCCrena dela horren erakusgarri.
Hiri eredua eta antolakuntza
Turistifikazioarekin ez ezik, Herrerak eta Altza osoak bizi duten egoerak hiri ereduarekin zerikusi zuzena duela nabarmendu zuten auzotarrek solasaldian: “Udalak duela 40 urte baino gehiago erabaki zuen herri xumea periferian bizitzea eta zerbitzu guztiak jartzea, altzatarrak edozertarako Altzatik ateratzera behartuz. Tabernak eta dendak galdu dira hemen, prezioen gorakadarengatik eta halako negozio batean sartzerakoan, hamarnaka taberna dituzten jabe handiekin lehiatzen zarelako”.
Udalak Herrera “auzo pobre” gisa ikusten duela gaineratu zuen beste auzotar batek, eta, beraz, herreratarrek ere ez dutela espero bertan proiektu estrategikorik garatuko dutenik: “Etengabe eskatzen dugu espazio libreak sortzea, ondare industriala berreskuratzea… baina hemen soilik planteatzen da etxebizitzen eraikuntza”. “Bideratzen da turismo arloko langileak bizitzeko auzo gisa”, gaineratu zuen beste batek.
Hala ere, Basurtok ohartarazi zuen inbertsoreek edozein momentutan erabaki dezatela Herreran edo beste auzoren batean jartzea fokua, besteak beste, Egiarekin gertatu den moduan. Horren erakusgarri da Altzan eta Mirakruz-Bidebieta eremuan hogei etxe turistiko daudela —datu ofizialen arabera, baina legez kanpo egon daitezkeenak ez dira hor sartzen—. “Ez dut ideiarik eman nahi, baina Herrerak erdigunearekin dituen loturak (topoa, autobusak, eta abar) kontuan hartuta, ez dakit nola oraindik ez duten hotelik jarri hemen”, esan zuen auzotar batek horren harira. Horregatik guztiagatik, Bizilagunekinekoek turistifikazioari aurre egitera deitu zituzten auzotarrak, desazkunderako euren hamasei proposamenak gogoraraztearekin batera: “Ez da gutxiago hazi behar dela turismoa, baizik eta txikitu egin behar dela. Auzo bizitza sustatzeko edozein neurri babestu behar da, loturak galtzen baditugu, indibidualismoan erortzen garelako eta, langile gisa, orduan garelako ahulen”.