2025eko maiatzaren 15ean hasiko da laugarren Euskaraldia
'Euskara aktibatzaileen gida-liburua' sortu dute, Euskaraldiaren testuinguruan, mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen dituena.
Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea) aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldia. Aurkezpenean, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok azaldu zuenez, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Gainera, nabarmendu zuen hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna “frogatuta” geratu dela edizioz edizio egin izan diren ikerketetan. Hala ere, antolatzaileek gogorarazi dute Euskaraldiak ere badituela bere mugak: “Euskaraldia ez da kanpaina huts bat. Ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa”.
Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea proposatu dute antolatzaileek. Izan ere, azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak “berrikuntza” behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu.
Horrela, “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” bat nahi dute. Alegia, “nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” zabaldu egin nahi dute, denboran eta gizartean. Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiaraztea izango da helburua, azaldu dutenez. “Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu nahi dugu”, nabarmendu dute.
Norabide horretan, lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko horrek mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu eta herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu.
Leloa: ‘Elkar mugituz egingo dugu’
Laugarren edizioaren leloa Elkar mugituz egingo dugu da, eta aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten dio erreferentzia. “Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz”, nabarmendu du Urkijok. Euskaraldiko koordinatzailearen hitzetan, lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. “Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da”, azaldu du.
Euskaraldia festa bat ez den arren, ariketa gozamenetik ere egin daitekeela adierazi dute antolatzaileek, “euskaraz bizitzeko gogoz ari den komunitate bat garela sentituz eta ospatuz”. Mezu hori islatzen du Euskaraldiaren iruditeria berriak ere. Euskarri berrietan, herritarrak erabateko protagonistak dira, asko eta askotarikoak dira, eta mugimenduan daude: hitz egiten, elkarri eragiten, elkar emozionatzen eta elkar mugitzen ikusten dira.
Esentziari eutsiz
Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo da. Partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta hamaika egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra egin dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die.
Horrela, Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaerak indartuko ditu: hala nola, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.
Izen ematea zabalik
Herriekin batera, gaurtik aurrera, entitateek ere Euskaraldian izena emateko aukera izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera.