AGNHaren inguruko estigmaz ohartarazi dute
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko biztanleriaren %8,8ri eragiten dio Arreta Gabezia eta Hiperaktibitateak eragindako Nahasmenduak.
Urriaren 27an Arreta Gabezia eta Hiperaktibitateak eragindako Nahasmenduaren (AGNH) Eguna dela eta, AGNHko Elkarteen Federazioak konponbide eraginkorrak eskatu dizkie politikariei eta arduradunei. “ADAHIGItik pertsona bakoitzaren errealitatea ikusarazi nahi dugu: 193.728 pertsona daude AGNHaren eraginpean EAEn, eta ezin dugu onartu hain errealitate nabarmen eta hedatua alde batera uztea. Hitz zuzena erabiltzea eskatzen dugu, AGNHaren eragina onartzea eta konponbide eraginkorrak ezartzea orain, AGNH errealitate bat baita”, azaldu du federazioak.
Nabarmendu dutenez, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko biztanleriaren %8,8ri eragiten dio AGNHk. “Hala ere, legegileek ez diote jaramonik egiten eta gizarteak estigmatizatu egiten du. Kontua da AGNHk ez diela soilik pairatzen dutenei eragiten, beren familia, lagun eta maiteen ulermen eta laguntza faltaren ondorioak ere pairatzen dituzte”, gogorarazi dute.
Datuak “ukaezinak” diren arren, AGNHa oraindik ere “gaizki interpretatzen” dela nabarmendu du federazioak eta, ia beti, “ikusezin” bihurtzen dela. “2023ko Osasun Sistema Nazionalaren Urteko Txostenak berak 25 urtetik beherakoen %24,9ren arazo hiperzinetikoak aipatzen ditu, termino okerra eta nahasia. Hitzekin jolasteari utzi eta AGNH neuro garapenaren nahasmendua dela eta modu serio eta profesionalean tratatu behar dela onartzeko garaia da”, adierazi dute.