Apal, hamaika urte eta espazio berritu bat
Hamaikagarren urteurrena ospatu berri du Egiako apal estudio eta dendak. Aurten, espazioa handitu eta bigarren solairu bat egokitu dute, bezeroentzat altzari gehiago eskuragarri jarriz. Auzoko eta Donostiako errealitateari begira egiten dute lan.
Hamaika urte bete ditu Donostiako Apal estudio eta dendak. Ametzagaña kaleko 7 zenbakian dago, eta aurten, esposizioa handitu dute, beheko solairuan obra egin ostean. Ez da urteurrenarekin batera egin duten berrikuntza bakarra, izan ere, Apaleko Jexux Romerok eta Patricia Achonek azaldu dutenez, lehen, biak aritzen ziren eskuz esku lanean, baina orain, lantaldea ere handitu dute, eta egun, lau dira ekipoan.
Beheko lokala hartzeko aukera sortu zitzaienean, «bi aldiz pentsatu gabe» erabaki zuten aurrera egitea, bestela, denda oso txikia geratzen zitzaielako. Beraz, gaur egun, goiko solairuan estudioa utzi dute, eta han aritzen dira lau lankideak lanean. Beheko solairuarekin 80 metro koadro gehiago eskuratu dituzte, eta guztira, esposiziorako 120 metro koadro dituzte.
Garrantzitsuak izan dira aldaketa horiek Apalentzat. Erreforma eta dekorazio proiektu integralak egiten dituzte, eta zuten lan bolumenarekin, «hobeto lan egiteko eta arnasteko espazio gehiago» lortu dute, beraien buruarekiko «beste konfiantza bat» izateaz gain.
Auzoan eta Donostian errotuta
Romerok azaldu duenez, Apal estudioa zabaldu arte, lokaletako eta etxeetako diseinua eta dekoratzailearen papera ahalmen ekonomiko altuko pertsonekin egon da lotuta. «Hau ireki genuenean, horrekin hautsi nahi izan genuen. Gure eskaintzak lasai etortzeko eta gure zerbitzuak kontratatzeko aukera ematea nahi genuen, baita aberatsak ez direnentzako ere. Gure soldatak ere ez dira gauza esklusiboak erosteko modukoak; beraz, gu bezalako jendearentzat lan egitea erabaki genuen», nabarmendu du. Eta hori posible dela gaineratu du, «diseinuaren %80 antolakuntza egoki bati lotuta dagoelako, eta %20 alde estetikoari». Aitortu dutenez, hasieran gehiago kostatu zitzaien auzoan lan egitea, baina, gaur egun, bezeroen kopuru oso handi bat auzotarrek beraiek osatzen dute.
Garai batean etxeetako diseinua aberatsekin lotzen bazen ere, Apalek diseinua guztientzat irisgarriagoa izatea du helburu
Apal, estudioa izateaz gain denda ere badenez, bertan egiten duten lana oso plurala da. Alde batetik, erreformak egiten dituzte, etxe osoan edo etxeko toki zehatz batean zentratuz. «Normalean, etxera joaten gara, ikustera non egin behar dugun lan, espazioa ondo ulertzeko. Espazioak informazio bat ematen digu, esaterako, zer argi daukan. Horren arabera, gremioek sartu behar badute, jakin behar dugu dagoena mantendu behar den, edo zerbait aldatu behar den. Alegia, lehen bisita horretan, oso begirada profesionala jartzen dugu, prozesu osoa nolakoa izango den irudikatuz», azaldu du Romerok.
Lan egin behar duten espazio horretan, bezeroak bere beharrak, ideiak eta gustuak adierazten ditu, eta ondoren, Apalekoek proposamen bat egiten diote bezeroari. «Bezeroak esaten diguna interpretatu egin behar dugu guk. Proposamena mahai gainean dagoela, askoz errazagoa da elkarren artean lantzea, egokitzapenak egiteko, bezeroak nahi duen diseinua lortu arte», adierazi du Achonek.
Proiektuak egiteaz gain, altzariak ere saltzen dituzte. «Fabrikekin egiten dugu lan, eta zuzenean, haiei egiten dizkiegu eskaerak. Batzuk Euskal Herrikoak dira, baina estatuko, Italiako, Suediako edo Danimarkako fabrikei ere eskatzen dizkiegu», azaldu dute.
Gertutasuna, ardatz
Zerk desberdintzen du Apal multinazional batengandik? Bada, batez ere, jendearekiko gertutasuna eta tratua hartzen ditu kontuan estudioak eta dendak. «Badakigu non gauden, eta zerbitzua zaintza gisa ulertzen dugu», adierazi du Romerok.
Bestalde, Achonek adierazi du multinazionalez gain, Interneteko orrialdeek eskaintzen dituzten zerbitzuek ere ez dituztela Apalek alde dituen ezaugarriak. «Interneten, jatorri ezezaguneko orrialde asko daude. Planoak bidaltzen dituzte, eta ez dakit zenbat egunetan, etxea muntatzen dizute. Hala ere, prozesu horretan, ez dago inor bezeroaren ondoan. Guk, aldiz, une oro eskaintzen dugu zerbitzu hori, eta zer esanik ez obraren bat egin behar bada. Obra batean, mila kontu gertatzen dira, eta gu ohituta gaude ezustekoak egunerokotasunean konpontzera», aitortu du Achonek.
Gainera, bezeroak obraren inguruan ez badu asko jakin nahi, hori ere errespetatzen dutela dio: «Baliteke bezeroari obrak estresa sortzea, eta hala bada, ez dizkiogu obraren xehetasun guzti-guztiak azaltzen».
Batez ere, Apalentzat funtsezkoa da bezeroak obra prozesuetan babestuta sentitzea, eta horren bila joaten zaizkie bezero ugari. «Normalean, gure bezeroak aholkatuta etortzen dira, lehenago beraien ezagunen edo senitarteko batekin egon garelako. Beraz, etortzen direnerako, jakin ohi dute gure funtzionatzeko modua nolakoa den. Gainera, gure webgunea ere eguneratuta dugu, eta bertan jartzen ditugu egiten ditugun lan guztiak», azaldu dute.
Etorkizunera begira, lanean jarraitzea da Apal estudioko kideen helburua. «Dendak desagertzen ari dira, baina guk lanean jarraitu nahi dugu, honetatik bizi garelako», nabarmendu dute. Era berean, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko, ordutegia moldatu dute, eta 08:30etik 16:30era bitarte izaten dute denda zabalik.
Apal estudioak babestutako edukia