Donostiaren eta bizimoduen eraldaketaren erakusgarri
Gaur aurkeztu dute Donostiaren oroigarri. Galarza argazki bilduma erakusketa, San Telmo museoan. Gregorio Gonzalez Galarza eta bere seme Carmeloren 140 argazki ingururen bitartez, erakusketak XX. mendearen lehen erdiko Donostiako hiriaren eta bizimoduen eraldaketa ikusteko aukera ematen duen ibilbidea eskaintzen du. Bihartik 2025eko urtarrilaren 26ra bitarte ikusi ahal izango da erakusketa.
Gregorio Gonzalez Galarza (Zegama, 1869 – Donostia, 1948)
Andres González eta Micaela Galarza senar-emaztearen seme zaharrena zen, eta Zegaman jaio zen. Herri horretakoa zen ama, eta laster igaro zen familia Donostiara bizitzera. Gaztetatik erakutsi zuen Gregoriok argazkilaritzarako zaletasuna. Izan ere, ofizioa ikasi eta Hermenegildo Otero eta Miguel Aguirre argazkilari ospetsuekin elkarlanean aritu zen.
1899an postari lanetan hasi zen Gregorio, eta 1929ra arte jardun zuen lanbide horretan, “lehen mailako postari nagusi” izatera iritsia, 60 urte betetzean erretiroa hartu zuen arte. Postari gisa izandako esperientziagatik, urte haietan posta-txartel ilustratuen bidalketak izan zuen gorakada handia egiaztatu ahal izan zuen Gregoriok lehen eskutik. Izan ere, fototipiaren aurrerapenari esker, argazki-erreprodukzioak kalitate hobekoak eta merkeagoak izaten hasi ziren.
Gainera, 1906az geroztik, Correosek posta-txartelen atzealdea bitan banatzeko baimena eman zuen, batean helbidea idazteko eta bestean, berriz, testua, eta garrantzi handiagoa hartu zuen aurrealde osoa hartzen zuen argazkiak. Horri esker, ugaritu egin zen postalen erabilera, haien frankeoak gutun batenaren erdia balio zuela kontuan hartuta gainera. Egoera hura, beraz, aproposa zen argazkilari askorentzat posta-txartelen editore eta inprimatzaile bihurtzeko, eta halaxe egin zuen Galarzak.
1894an Maria Campano Echeverriarekin ezkondu zen Gregorio, eta hurrengo urtean bere lehen semea, Carmelo, izan zuten; beste zazpi izango zituzten.
Carmelo Gonzalez Campano (Donostia, 1895–1959)
Aitarekin ikasi zuen argazkilari lanbidea, eta horretan jardun zuen profesionalki. 1921ean, argazkilaritzako bere denda ireki zuen Urbieta kaleko 16. zenbakian, eta han egon zen 1928ra arte, Peña y Goñi kaleko 3. zenbakira lekualdatu zen arte, eta, handik gutxira, Easo kaleko 33. zenbakira, Photo Kino’s marka komertzialarekin, Gregoriorekin partekatu zuena honek erretiroa hartu ondoren. 1935ean, estudioa Easo kaleko 67. zenbakira lekualdatu zen, 5. eskuinera, familiaren etxebizitza ere izango zenera. Carmelok, María Fernandez-Izquierdorekin ezkonduta, lau seme-alaba izan zituzten eta ondoren Madrilen bizitzera joanda, 1936an, laugarren semea.
Gerra Zibilean, Gregorio eta bere familia Bretainiako herri batera joan ziren bizitzera. Gerra amaituta, Donostiara itzuli ziren eta bertan jarraitu zuen lanean, postalak editatzen, 1948an hil zen arte. Bere aldetik, Carmelok, gerraren ondoren, Madrilen jarraitu zuen, zori desberdina izanez, eta, horren ondorioz, Donostiara itzuli zen, eta familiaren negozioan sartu zen. 1959an hil zen.
Galarza ahizpak
Luisa Gonzalez Campano (Donostia, 1902-1999), Gregorio Gonzalez Galarzaren alaba eta Carmeloren arreba, parte izan zen ere familiaren negozioan; 1940ko udal erroldan argazkilari gisa agertzen da. Carmen, Joaquina eta Teresa ahizpek ere lagundu zuten postalak editatzen eta saltzen, 70eko hamarkadara arte. Argazkien egiletzari dagokionez, argazki zaharrenak alde batera utzita, ezin dira bereizi Gregoriok (†1948) edo haren seme Carmelok (†1959) eta Luisak (†1999) egindakoak, ezta haien bilobek ere, Andresek eta Luisek, denetan ageri baita Galarza sinadura modu batean edo bestean.