'Daniela Forever': Zer da betirako? Zer da egia?
Ostiralean abiatu zen Donostiako 35. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Nacho Vigalondoren Daniela Forever (2024) filmaren proiekzioarekin, Antzoki Zaharrean. Apur bat luzea egin bazen ere —ikusleen zenbait oihu, Beldurrezko Astean ohikoak, horren erakusgarri—, fantasiazko film ona da Vigalondok aurkeztu zuena, proposamen berezia; Vigalondo bezain berezia —Chiquito de la Calzada imitatu zuen aurkezpenean, jaialdiko ohiko ikus-entzuleen gozamenerako— eta Beldurrezko Astea bezain berezia. Aipamen berezia merezi du aurretik proiektatu zuten Planetagatik film laburrak (Eneko Muruzabal Elezkano, 2024), kontraesanez beteriko errealitate distopiko apokaliptiko eta urrun bat planteatzen duena; edo, ez hain urruna?
Daniela Forever-era itzulita, Nicolas DJ-aren (Henry Golding) istorioa kontatzen du. Daniela (Beatrice Granno) bikotekidea hil ostean, depresio batean murgilduta dago Nicolas, baina proba kliniko batean parte hartzeko eskaintza egingo diote, amets argiak sortuko dizkion droga bat hartu eta, horren bidez, depresioa gainditzeko.
Ametsetan, ordea, Daniela dago beti, eta Nicolas gai da gertatzen den guztia kontrolatzeko. Errealitate paralelo horrekin kateatuta geldituko da Nicolas, egiazko (ustez) errealitateari bizkarra emateko bezain beste. Ordea, bira bat baino gehiago izango ditu filmak, ustezko egia eta errealitatea ezbaian jarriko dutenak, eta ideia argi bat mahaigaineratuko duena: ezer ez da betirako, ez Daniela, ez Nicolasek hartzen duen botika, ez bizi dugun errealitatea. Ia bi orduz, sentipen ugaritatik garamatza Vigalondok, tarteka gehiegi luzatzen den film batean, baina ikusteak merezi duena, halako lan gutxi ikusten baitira.
Imajinatzen botika bat hartuz gero genozidiorik gabeko mundu batean bizi ahal izatea? Edo herri aske batean? Edo elkartasuna kriminalizatzen ez duen hiri batean? Edo, hobeto, hori guztia errealitate paralelo batean gertatzen ari dela eta egiazko errealitatea ez dela halakoa? Nork ez luke hartu nahiko botika hori? Lehenago edo beranduago, baina, botika amaitu egingo litzateke, eta, orduan zer? Imajinatzea da, momentuz, horretarako bide bakarra, baina ez ahaztu ezer ez dela betirako.