Eneko Goiak etxebizitza, segurtasuna eta turismoaren kudeaketa lehenetsi ditu
Donostiako Udalaren Politika Orokorreko Udalbatzarrean hitza hartu du Eneko Goia alkateak. Haren ustez, etxebizitzarako sarbidea, segurtasuna eta turismoaren kudeaketa dira udalak bere udal kudeaketan hartu behar dituen hiru lehentasunak. Etxebizitza berrien sustapena, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, hiri garapen berriak edo bizitzeko formula berriak sortzea dira Donostiako alkateak lan ildo gisa aipatu dituen proposamenetako batzuk.
Gainera, Goiak adierazi du Donostiak aurre egin behar diela metroaren igarobideak, Abiadura Handiko Trenak eta Isuri Gutxiko Eremuak ekarriko duten mugikortasun eskema berriaren erronkei, eta Donostiaren ardatza Zientziaren eta Ezagutzaren Hiri gisa indartzearen alde egin du, hirian garatzen ari diren proiektu berrien bidez.
Gaurko udalbatzarrak hiriak eskaintzen magnitude eta datu nagusien balantzea egiteko balio izan du. Horrela, Goiak adierazi du hiriak langabezia tasa txikiena eta per capita errenta altuena duen Estatuko hiriburua izaten jarraitzen duela, “eta horrek agerian uzten du gure hiriak aberastasuna sortzeko gaitasun handia duela”. Hala, BPG erreala %5,5 hazi da iazko datuekin alderatuta, zerbitzu aurreratuen eta ezagutzari lotutakoen tirakadari esker.
Horrekin batera, enpresa dentsitate handiena duen Estatuko hirugarren hiria da Donostia, Bartzelona eta Madril baino ez baititu aurretik —mila biztanleko 80 enpresako ratioa du—, eta Bilboren aurretik —hurrengoa da rankingean, 73rekin—.
“Donostiak apustu estrategikoak behar ditu”
Udal talde guztietako ordezkariek parte hartu dute osoko bilkuran. Tartean, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre bozeramaileak. Donostiak dituen erronkez eta aukerez “oso kontziente” direla esan du. Horren ildotik, Izagirrek mezu bat helarazi dio alkateari: “Donostiak apustu estrategikoak behar ditu, interes orokorraren alde egitea eta inertzia kaltegarriak alboratzea. Anbizioa eskatzen dizut, Goia jauna”.
Bestalde, hiriaren interes orokorraren alde egiteko beraien “iparrorratz” diren lan ildoez aritu da. Hala nola, etxebizitza, mugikortasuna, turismoa, energia eta larrialdi klimatikoa eta “donostiar guztien duintasuna bermatuko dituzten gizarte politikak”.
EAJrekin kritiko
Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Victor Lasa, kritikoago agertu da. EAJ donostiarrei “nortasuna” kendu diela salatu du: “Hiria salgai jarri dute eta irisgarritasunik gabeko eta biztanleengandik kanpoko espazio bihurtu dute”. Era berea, “denok ezagutzen dugun eta nahi dugun Donostia” bere esentzia galtzen ari dela esan du Lasak. “Gutxi batzuentzako produktu bihurtzen ari da, prezio altuekin eta nortasun lausoarekin”, gaineratu du.