Kabiako hizkuntza eskakizunen aurkako epaia salatu dute
Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 1. salak joan den astean ebatzi zuen Kabia erakundearen euskara eskakizuna “gehiegizkoa” dela, bi langilek jarritako salaketa baten harira. Azkenaldian euskara eskakizunen aurka izandako bestelako sententzien ildotik doa honakoa ere, eta, horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk deituta, elkarretaratzea egin dute gaur (hilak 28) Donostiako Gipuzkoa plazan, aldundiaren aurrean. “Sententzia euskarafobo, erreakzionario eta atzerakoia” dela salatu dute.
Epaiak bertan behera utzi du 2022an 54 zaintzaile egonkortzeko onartutako deialdia. Bertan, B2 maila ezarri zen beharrezkotzat egoitza gehienetan, eta B1 maila gainontzekoetan. Epaitegiaren arabera, aldiz, eskakizunek euskararen normalizazioa “maximizatzeko” xedea dute, langileen eskubideak urratuz. “Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu gero eta bortitzagoa den oldarraldi judizialaren baitako sententzia hau”, adierazi dute elkarretaratzean.
Kabia adineko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen den erakunde autonomo bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikita dagoena. Donostian ez dauka egoitzarik; bai, ordea, Gipuzkoako hamasei udalerritan.