'Krazy house': gorea, absurdoa, umore beltza... Zer atera zitekeen gaizki?
Etxean ikusteko akaso ez, baina Beldurrezko Astean Antzoki Zaharrean ikusteko film aproposa da Krazy house (Steffen Haars eta Flip van der Kuil, 2024). Argi gelditu zen hori igandean antzokian, harrera bikaina izan baitzuen filmak; programatzea erabaki zuenak ondo ezagutzen du Beldurrezko Asteko publikoa.
Sitcom estiloko film familiar eta zuri baten moduan hasten da, Bernie Christian (Nick Frost) familia estatubatuar katoliko bateko aita protagonista duela. Modu absurdo batean, ordea, langile errusiar batzuk —nahita erabilitako topikoa, hori ere umorera eramateko— etxera sartuko dira eta ez da egongo handik botatzeko modurik, Christiantarren bizitza ustez idilikoa hankaz gora jarriko dutelarik.
Hortik aurrera, sitcom-a gore bilakatuko da, biolentzia, hildakoak, drogak eta sexua tartean edukita. Bernie protagonista, elizgizona eta puritanoa, gupidarik gabeko heroi bilakatuko da, familia defendatzeko, edozeren gainetik; hau ere topikoa, patriarkala oraingoan, baina tamalez, ironia baldin badago, ez da errusiarrenean bezain agerikoa, inondik inora. Hori guztia, erlijioaz barre eginez eta tentsio handieneko uneei umore absurdoarekin eta, hainbatetan, beltzarekin tentsioa kenduz, ikusleari atseden emanez.
Finean, B serieko kutsu handiko filma, baina, horren barruan ondo egindakoa, momentu narrasak ondo landutakoekin uztartzen dituena baita gorea eta umorea uztartu ere. Etxean ikusteko erdipurdikoa, baina Beldurrezko Astean Antzoki Zaharrean ikusten disfrutatzen den horietakoa. Zer atera zitekeen gaizki?