Osakidetzako biltegien pribatizazioa salatu dute langileek
Donostian egin dute prentsa agerraldian, pribatizazioa bultzatzen duen plana bertan behera utzi, eta eragile guztiak kontuan izango dituen alternatiba bat garatu dezaten eskatu dute. Osasun sistema publikoari emandako "kolpe zuzentzat" dute aldaketa. Horiek horrela, kontzentrazioak egingo dituzte asteazkenero.
Osakidetzeko biltegietako langileek euren esparruaren pribatizazioa salatu dute Donostia Ospitalean egindako prentsa agerraldian. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako langile andana elkartuta, biltegi sare publikoa arriskuan dagoela aldarrikatu eta Plataforma Logistiko Berria izeneko planaren zentralizazio zein pribatizazioa salatu dute. Argitu dute, 180 postuak birkokatuko dituzten arren, osasun sistema publikoari egindako “eraso zuzena” dela.
Azaldu dutenez, plan horren bitartez, biltegi zentralizatu bat egingo dute Iurretan (Bizkaia) ondorengo zortzi urteetan. Bertan, beharrezkoa den material guztia jasoko dute, ondoren, bertatik zabaldua izan dadin. Hala, egun sareak dituen 42 biltegiak pixkanaka ordezkatu eta itxi egingo ditu, eta “enplegu pribatua” sortuko dute: “Hau ez da bere lanpostuak mantentzen saiatzen ari den lan talde baten lan auzi bat. Osasun sistema publikoari emandako kolpe zuzen bat baizik”, salatu dute bozeramilek agerraldian.
Adierazi dutenez, hainbat urteetako utzikeriaren ostean, osasun sistemak oso beharrezkoa du materialean inbertitzea. Nolanahi ere, argi dute inbertsio horiek egitekotan, sistema publikotik bertatik egin behar direla halabeharrez: “Ez da posible, alde batetik publikoki enplegu publikoa indartzeko aipamenak egin, eta zeharka, gortinen atzean enplegu hori suntsitzeko erabaki eta pausoak hartzea.
Era berean, ohartarazi dute, garatzear dagoen sistema zentralizatuak “arrisku handiak” sor ditzakeela osasun sistemaren egunerokoan, “are gehiago, enpresa pribatu batek kudeatu behar baditu hamar urtean”.
Gauzak horrela, plana bertan behera geratu dadila eskatu dute, bai eta afera eragile guztien partaidetzarekin jorratu dezatela ere. Bien bitartean, elkarretaratzeak egingo dituzte asteazkenero, eta ez dute baztertzen, grebaren bitartez, biltegi guztiak ixtea.