Donostiako Udalak 517 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean
Iaz baino 32 milioi gehiagorekin, udalak "soziala, inbertitzailea eta garraio publikoaren eta segurtasunarekin konprometitua" izan nahi duen aurrekontua aurkeztu du.
Donostiako Udal Gobernuak 2025 urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa aurkeztu du gaur goizean. Eneko Goia alkatearen arabera, proiektuak hiru lehentasun izango ditu: “Gizarte politikentzako beharrak handitzea, mugikortasun jasangarria sustatzea eta hiri zaindua eta segurua izatea”. Iazko aurrekontuak %6,76 handituta, gastu arruntaren zenbatekoa igo dute, eta inbertsiorako 100 aurrekontu sail baino gehiago jaso dituzte. Ondo bidean, abenduaren 19an jasoko du lehen onarpena proiektuak.
Eneko Goia alkatearekin batera, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok eta Ekonomia eta Bertako Enpleguko zinegotzi Ane Oiarbidek egin dute aurkezpena. Hiruek azpimarra jarri dute aurrekontu proiektuak “kalitatezko zerbitzuen hobekuntza” izango duela ardatz. Bide horretan, askotariko departamentuen beharretan” oinarritu direla aitortu du Goiak. Hala, garraio publikoaren elektrifikazioa eta mugikortasun bertikala sustatzeko proiektuez gain, segurtasuna indartzea izango dute helburu aurrekontuek.
Gastu arrunten gorakada
Aurtengo aurrekontuak gastu arrunten aurrekontu sailen igoerarekin handitu dira, batik bat. Orbegozok azaldu duenez, langile publikoen soldatak igo egingo dira datorren urtean, eta hamalau funtzionario lanpostu berri sortuko dira: sei mugikortasun agente, kontsumitzaileak informatzeko bi langile eta sei psikologo komunitario.
Hain zuzen, sei psikologoen kontratazioak 1,9 euroan handituko du aurrekontuen Gizarte arloko gastua ere. Departamentuak oro har, 37,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, besteak beste, etxez etxeko zerbitzura, gizarteratze proiektura edo haur eta familien prebentzio zerbitzura bideratzeko.
Mugikortasuna eta Etxebizitza
2025eko aurrekontu proiektuak, halaber, inbertsio handiak aurreikusten ditu hirigintzari eta “lehentasun nagusitzat” duten Etxebizitza arloari dagokionez. Azaldu dutenez, Hirigintzak 12,1 milioi euro bideratuko ditu Lorategi Hiria, Ilarra, Infernua edo Eskusaitzeta garatzen jarraitzeko, eta Etxegintzak 70,8 milioi euro bideratuko ditu 282 Babes Ofizialeko Etxe eta 38 zuzkidura apartamentu egiteko, besteak beste.
Mugikortasunari dagokionez, aurrekontu proiektuak 70,9 milioi euro aurreikusten ditu Mugikortasun eta Garraio Sailerako, eta 56,7 milioi euroko ekarpena egingo dio Tranbiaren Konpainiari. Besteak beste, Dbusen flotaren elektrifikazioa sustatuko dute 24 ibilgailu elektriko berrirekin eta BEI linearen sustapenarekin. Era berean, bizikleta publikoen sarea indartuko dute hainbat proiekturekin: bizikletentzako aparkaleku estalia Bentaberrin, Jai Alaiko tunelaren berritzea eta Erregina Erregente eta Kursaal zubia berrantolaketa, bidegorria ez dadin espaloi batetik bestera pasa. Era berean, Heriz pasealekuko igogailuarentzako aurrekontua jasotzen du txostenak.
Arrandegia eraikina eta bestelako hiri proiektuak
Oiarbide zinegotziak, bestalde, nabarmendu du aurrekontu proiektuak beharrezko diren aurrekontu sailak aurreikusten dituela Bretxako Arrandegia eraikinaren birgaitzearen jarraitzeko. Bide horretan, 6,48 milioi euro bideratuko ditu udalak datozen hiru urtean eraikinean lanak egiteko.
Bestelako hiri proiektuei dagokionez, hainbat proiekturentzako aurrekontua jaso du txostenak: Herrerako futbol zelaia berritzea (3,2 milioi euro); Anoetako estadio txikiaren birmoldaketa (1,2 milioi euro); Loiolako Erriberan, Grosen eta Intxaurrondo Hegoan hiru haur eskola berri sortzea (1,8 milioi euro) ;Haizearen Orraziaren birgaitzea (650.000 euro); eta Bera Berako urbanizazioa (692.000 euro), besteak beste.
Egiako polizia etxea
Segurtasunari dagokionez ere aurrekontua handituko dute. Orbegozok azaldu moduan, proiektuan Udaltzaingoa eta Prebentzio Su itzalketa eta Salbamendu zerbitzura bideratutako aurrekontuak, %5,8 eta %6,6 handitzea aurreikusten da, hurrenez hurren. Aurrekontu horrekin, besteak beste, Egiako polizia etxea egitea dute helburu.