Eneko Goiak ez du argitu EAJren GBBko hautagai izateari uko egingo dion
EAJ alderdia lurralde zuzendaritzak berritzeko prozesuetan murgilduta dabil. Gipuzkoa Buru Batzarra (GBB) berritzeko prozesuan, presidente izateko hautagaien artean agertu da Donostiako alkate Eneko Goia. Haren aldeko apustua zabaldu da, batez ere Donostiako batzoki batzuetan. Goiak, ordea, ez du horren inguruko adierazpenik egin. Ezta gaur ere, 2025eko udal aurrekontuen aurkezpenaren agerraldiaren ondoren. “Alderdi barruko gaietan ez ditut hedabideak sartu nahi”, adierazi du alkateak.
Dena dela, Berria egunkariak argitaratu duenez, Goia da GBBko presidente izateko hautagaietako bat, eta ikusteko dago bigarren itzulia hasi aurretik uko egiten dion hautagaitzari. Noski, ez da hautagai bakarra, eta ziurrenik ezta faboritoa ere. Joseba Egibar presidente ohiak bere hautagaia zein den iragarri zuen pasa den astean: Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko burukidea, legebiltzarkide ohia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako jeltzaleen bozeramailea.
Hirugarren izen bat ere aipatu daiteke: Imanol Lasa GBBko kidea. Batzoki batzuetan hautatu dute, eta ez dago argi hark ere hautagai izaten jarraituko duen ala ez.