'Lo que no te cuentan de Donosti' berriz elkarretaratu da Egian
Protestan, 100 lagun inguruk hartu dute parte, tartean, PPren Donostiako hiru zinegotziek.
Telegram eta Instagram taldeetatik deituta, 100 lagun inguru bildu dira bart, Iztueta kalean, segurtasuna aldarrikatzeko. Joan den astera arte Kaleko Afari Solidarioak (KAS) plataformak gauero-gauero afariak banatzen zuen leku eta ordu berean egin zuten elkarretaratzea, pasa den astelehenean istiluak eragin zituzten lekutik oso gertu. Hain zuzen, sortutako iskanbilak eta KASen debekuak afera lehen lerrora ekarri duenez, bildutako norbanakoez gain, askotariko hedabideek jo zuten deialdira. Mobilizazio gehiago egiteko asmoa ere agertu dute.
Oraingoan, baina, elkarretaratzeak beste itxura bat erakutsi nahi izan zuen. Pasa den asteko tentsiotik eta seinalamendutik urrun, bertan bildutakoek, argi utzi nahi izan zuten ez dutela arazorik auzoko etorkinekin, ezta afari solidarioekin ere. Euren arazoa, “auzoaren jabe egin diren gaizkileak” direla.
Hedabideei egindako adierazpenetan, ordea, nork edo nork zalantzan jarri zuen kaleko afarien zilegitasuna, besteak beste, beraiek aipaturiko “gaizkile” horiei banatzen baldin bazaie. Beste batzuek, berriz, gazte migratzaileen formakuntzan jarri nahi izan zuten fokua: “Igeltseroak behar ditugu, medikuak… beharginak behar ditugu. Gazte hauek lagundu ditzagun, formatu ditzagun. Etorkizun bat izan dezaten”.
PPren babesarekin
Alderdi Popularrak udalean dituen hiru zinegotziek hartu zuten parte, beste behin, Lo que no te cuentan de Donosti Instagram kontuak zabaldutako deialdian. Alderdi eskuindarreko bozeramaile Borja Corominasek, hain zuzen, mobilizatzera animatu ditu donostiarrak eta “faxistatzat edo arrazistatzat” har ditzaten beldurra kentzera. Segurtasunaren bidetik ere, hiriko lur azpiko aparkalekuen eta autobus geltokiaren sarrera mugatzen saiatu ziren udalbatzan, mozioen bitartez, baina gainerako alderdiek ezerezean utzi zituen popularren saiakerak.