Loreen eta landareen doako banaketa abiatu du udalak
Hiru egunetan, hiriko lorategietako eta parkeetako 30.000 ale banatzea aurreikusten dute udalean.
Donostiako Udalak antolatzen duen loreen eta landareen doako banaketa hasi du astearte honetan, eta goizean zehar, ilara luzeak izan dira Ramon Labaien plazan. Maria Cristina hotelaren ondoko postutik ehunka pertsona igaro dira, lorategi publikoen lore eta landareak eskuratzeko asmoz. Egunotan 30.000 ale banatuko dira hirian zehar ezarritako postuetan.
Donostiako Udalak urteak daramatza landare eta lore eskaintza egiten. Udaberriko eta udazkeneko landaredi aldaketarekin, donostiarren esku jartzen dituzte aurretik parke eta lorategi publikoetan landatutako horiek, bigarren bizitza bat izan dezaten. Eskainitako espezieen artean begoniak, hauts belarrak, coleusak, alegria loreak, salbiak, berbena belarrak, daliak aurkitzen dira.
Banaketak aurrera jarraitzen du, eta, hala, landarerik gabe gelditu direnek datozen egunetan ere eskuratzeko aukerak izango dituzte. Bihar, Antiguako Ondarreta pasealekuan egongo dira 10:00etatik 14:00etara bitarte; ostegunean, berriz, Amarako Pio XII.a plazara lekualdatuko dute postua, ordutegi berarekin. Udalaren zenbatekoen arabera, egun bakoitza 10.000 ale inguru banatuko dira.