Nacho Fernandezen 'Binetak eta munstrotxoak' erakusketa ikusgai, Udal Liburutegi Nagusian
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Asteko Euskadi Fantastikoaren barruan, Nacho Fernandezen Binetak eta munstrotxoak erakusketa jarri dute ikusgai azaroaren 16ra arte, Udal Liburutegi Nagusian, Alderdi Ederren.
Nachomon ezizenez da ezaguna Fernandez, Warhammeren unibertsoari eskainitako bere arteari eta Wolf & Sister bere webcomici esker. Bilbotarra da jatorriz, eta marrazkilaria, gidoilaria, kolorista eta narratzaile bisuala da. Estilo propio bereizgarria du, mangarekin bat datorrena.
Erakusketa honetan, Fernandezen sorkuntza berezienetako batzuk bisitatu ahal izango dira, Dragon Fallen originaletatik hasi eta bere lan berrieneraino; abenturazko eta fantasiazko webcomic ganberroa: Wargasmer: Pistons & Dragons. Gainera, fantasiazko generoko filmen pertsonaiei berak egindako omenaldiez eta karikaturez gozatu ahal izango da, eta baita tebeo klasikoen fanartez eta Strip Marvelen orrialdeez ere. Horrez gain, bisitariak bidaia batean murgilduko dira Resident Evil eta Fanhunter bezalako unibertsoetan edo Superlopezen orrialdeetako Supergrupoan barrena.
Autore gisa ibilbide oparoa izan du Fernandezek. Dragon Fall bere komikian (Dragon Ballen parodia) maisutasun handia erakutsi zuen Akira Toriyamaren pertsonaiak marrazten eta interpretatzen, eta oso obra ezaguna egin zen. Horren ondoren iritsi ziren Fanhunter unibertsora egin zituen sarraldiak, Templarios (Dude Comics) mini seriea eta Dark Breed, Midnight Rockers (Dolmen Editorial).
La leyenda de Sasha (Nutopi@) eta Dibus aldizkariko (Norma editorial) umorezko orriak ere garatzen ditu. Frantziako merkatuan Akileosek Dragon Fallen liburuki batzuk argitaratu zituen, oso harrera ona izan zutenak, eta horren ondoren sortu dira Los Paladines del Horoscopo, eta, geroago, Kung Fu Mousse. Paninirekin Baladita de Rasca eta Chispa 1: Juego de poltronas argitaratu zituen; azken hau Juego de tronosen parodia, eta EDTrekin El Supergrupo: El superretorno. Grafito Editorialarekin iritsi zen Los mundos de Valken: Oceanos en llamas, bere azkenetako obra.