Txomineko Ibai parkea naturan oinarritutako irtenbide gisa izendatu dute
Eusko Jaurlaritzako Ihobe elkarte publikoak Txomiñeneko Ibai parkea eredutzat hartu du argitaratu duen gida batean. Zehazki, Naturan Oinarritutako Irtenbideak Euskadin: 20 Kasu Arrakastatsu Klima Aldaketara Egokitzeko NOK Aplikatuz izeneko txostena argitaratu dute. Jasangarritasunaren eta klima aldaketaren erronkei aurre egiteko irtenbideak jaso dituzte gidan.
Kreanek diseinatu zuen Ibai parkea, eta Urumea ibaiaren albo batean dago. Uholde arriskuei aurre egiteko sortu zuten, eta ibaiaren zabaltzearekin batera, neurri eraginkorra izan da. Proiektuaren helburua ibai eremuak lehengoratzea da, ibaiaren ertzean hemengo landaredia berreskuratzeko eta biodibertsitatea hobetzeko. Hori dena modu jasangarrian kudeatzen dute, bizilagunen bizi kalitatea bermatzeko.
Gidak jasotzen duenez, proiektuak uholde lautadako airearen kalitatea hobetu dezake, eta herritarrentzako jolas espazioak dituela. Gaineratu dutenez, horrelako egitasmoak eraginkorrak dira klima aldaketara egokitzeko eta hiri jasangarritasuna hobetzeko.