Añorgako pilotalekuaren 75. urteurrenean, bere sortzailearen inguruko erakusketa antolatu dute
Añorgako Pilotalekuaren inaugurazioaren 75. urteurrenarekin bat, bere sortzaile Eduardo Torrojari buruzko erakusketa egin dute Cementos Rezola museoak eta Heidelberg Materialsek. Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoarekin batera antolatutako proeiktuak Torrojaren irudia, filosofia eta lan enblematikoenak hurbiltzea du helburu. Añorgako museoan egongo da udaberrira bitarte.
Antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, Añorgan ingeniariaren bi obra izatea “benetako oparia da donostiarrentzat”. Hala, erakusketa auzoko bi lanetan oinarrituta dago: pilotalekua eta bolatokia. Eskala errealean eta hiru dimentsiotan egindako bi maketen bitartez, Torrojaren estiloa eta begirada gertutik ikusteko aukera eskaintzen du erakusketak, bai eta eraikinek sortzen zituzten erronken aurrean, ingeniariak topatu zituen irtenbideak ere. Era berean, Torrojaren bereizgarri zen hormigoi armatuzko estalki ondulatuak behatu daitezke gertutik.
Erakusketaren harira, tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte gaur, azaroaren 28an, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 27an. Erakusketa, bestalde, 2025eko maiatzaren 31ra bitarte egongo da erakusgai.