Urtarriletik aurrera, garestiagoa izango da Polloen gorpu bat erraustea
Polloeko errausketen prezio publiko berriak onartu ditu aste honetan Tokiko Gobernu Batzarrak, eta urtarrilaren 1etik aurrera %3,9ko igoera izango dute. Txostenaren arabera, igoera hori planteatzen da “hamabost urte baino gehiagoz ordenantza fiskaletan aldaketarik egin gabe egon ondoren, 2020ko eta 2022ko salbuespen bakarrekin”. Igoerak erraustegien eranskinean jasotako kontzeptu guztiei eragingo die.
Prezioak igo ostean, 2025etik aurrera, gorpu baten errausketa 613,50 euro kostatuko da, arrastoena 396,15 euro, jaiegunetako eta ordutegitik kanpoko osagarria 150,17 euro, anputazioak, fetuak eta jaioberriak erraustea 119,68 euro eta zinka erauztea 150,17 euro, guztiak BEZa barne.
Altzako beilatokia
Polloeko errausketen prezioak eguneratzeaz gain, Tokiko Gobernu Batzarrak argi berdea eman zion Altzako beilatokiaren prezioa ezartzeari. Izan ere, prezio hori ez zegoen inongo ordenantzatan jasota. Egonaldiagatik ordaindu beharreko faktura 532,40 eurokoa izango da, BEZa barne. Udalak adierazi duenez, “hiriko eta inguruetako beilatoki pribatuek baino prezio merkeagoa” izango du horrela.