Astebururako plan bila?
Heltzear da asteburua! Zubiaz hiritik kanpo disfrutatzeko aukera baduzue, bejondeizula! Baina, lasai, zubia hemen igarotzeko asmoa baldin baduzue, planik ez zaizue faltatuko. Gure agendan astebururako antolatuta dauden ekitaldien aukeraketa zabala duzue, eta jarraian egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizuegu.
Bihar, azaroak 1, Beldurrezko Astearen itxiera da gomendioa. Egunotan Antzoki Zaharrera edo Viktoria Eugenia antzokira gerturatu baldin bazarete, badakizue zein den giroa eta denetik ikusteko aukera egon dela. Ordea, bihar bukatuko da Donostiako 35. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea; Viktoria Eugenian Give it all (Yuhei Sakuragi, 2024) proiektatuko dute 19:00etan eta, Antzoki Zaharrean, Exorcismo (Alberto Sedano, 2024) 16:30ean eta Una ballena (Pablo Hernando, 2024) 20:00etan.
Larunbatean, euskal antzerkiaz disfrutatzeko aukera izango duzue Antzoki Zaharrean, Doña Perfectita konpainiaren Erreka Mari lanarekin. Javier Lararena eta Egoitz Sanchezena da obra, eta Sirenatxoa ipuin ezagunaren egokitzapen askea da. Bihar 19:30ean taularatuko dute eta etzi 19:00etan; sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.
Igandean, Mogambo aretora joatea gomendatuko dizuegu: Reclusion, Benzedor Ali eta I+D punk, hardcore eta metal taldeek joko dute, 18:30ean. Sarrerak han bertan egongo dira salgai, 6 euroan.
Bonus track: hurrengo astean, lanegunetan denbora librea aisialdirako aprobetxatu nahi baduzue, hitzaldi bat gomendatuko dizuegu: asteartean, Olatz Ortega Vidales biologoak zientzia herritarrei gerturatzeko hitzaldia eskainiko du Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan: Herritarren zientziako proiektua, nola egin?.