Herritarrak ibaiarekin lotuz, oroimenen, emozioen eta esperientzien bitartez
Cristina Enea Fundazioak Urumeako Atlas Emozionala egitasmoa aurkeztu du Donostiako Udaletxean. Urumeako urek sortzen dituzten emozioen bila egindako bidaia bat da, ibaiaren ertzetan errotuta dagoen memoria historiko kolektibo eta indibidualaren esplorazio sakon bat, hiriarentzat itsasargi artistiko eta kultural bihurtu nahi duena.
Proiektua irailean hasiko da, eta herritarren parte hartzean oinarrituko da, inkestak eta talde elkarrizketak eginez. Horien bidez, ibaiari lotutako oroitzapenak, esperientziak eta sentimenduak berreskuratuko dituzte. Urumea ibaian murgilduko dira oroimenaren uretan igeri egiteko, ezagutza sakona eta estimua kontserbaziorako ezinbestekoak direlakoan.
“Aukera paregabea da Urumearekin dugun lotura biziberritzeko eta ibaiari gure hirian eta gizartean merezi duen paper nagusia itzultzeko, kulturatik, memoria historikotik eta antropologiatik abiatuta”, adierazi dute proiektuaren arduradunek. Horretarako, eta herritarrak ibaiarekin lotzen dituzten lotura emozionalei buruzko testigantzak biltzeko eta berreskuratzeko helburuarekin, hainbat inkesta egingo dira datozen hilabeteetan, galdera irekiekin zein itxiekin, eta talde elkarrizketekin, Urumeari eta haren historiari buruz Donostiako biztanleek duten pertzepzioa jasotzeko.
Bost fase
Proiektuak bost fase izango ditu. Lehena martxan dago urte hasieratik, eta informazioa biltzea du helburu. Lurraldearekiko hurbilketa bat egin dute bibliografia espezializatuaren bidez, ibaiarekin lotutako alderdi historiko, sozial, etnografiko eta artistiko esanguratsuenak atzemateko. Era berean, harremanetan jarri gara hainbat elkarte eta erakunderekin, proiektua aurkezteko eta proiektuan aktiboki parte hartzea proposatzeko.
Bigarren fasean, inkesta bat diseinatuko da donostiarrek Urumeari eta haren historiari buruz duten pertzepzioa jasotzeko. Online eta aurrez aurre egin ahal izango da, tokiko elkarteen laguntzarekin, eta Cristina Enea Fundazioaren webgunearen eta proiektuaren sareen bidez. Bigarren fase honetan, taldekako elkarrizketak antolatuko dira, eta horietan hainbat gai planteatuko dira, horiei buruz askatasunez hitz egiteko. Prozesua osatzeko, tailer parte hartzaile batzuk egingo dira hainbat adinentzat, kultur etxeetan, Tabakaleran eta San Telmo museoan.
Hirugarren fasea 2025. urtearen hasieran hasiko da, eta emaitzak interpretatzea eta gaiak aukeratzea izango da. Txosten bat idatziko da, inkesten eta talde elkarrizketen emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak bilduz, eta inkesta eta talde elkarrizketetan atera diren gaiei buruzko ikerketa bibliografiko espezifiko batekin osatuko da. Hamar gai esanguratsuenak hautatuko dira, ondorengo gai eta alorrekin zerikusia eta lotura izan dezaketenak: ibaiaren kartografia, Urumean historikoki egiten ziren lanbide tradizionalak, ibaiaren jaiizaera eta herritarren aisialdia, arrantza, mitologia, Urumearen iragan eta orainaldi industriala, kirola, gastronomia, jolas eta haurtzaroa eta abar.
Laugarren fasea (2025eko amaiera) argitalpen historiko literario ilustratu baten edizioa izango da, ikerketa antropologikoaren emaitzetatik aukeratutako hamar gaiekin, artistaren liburu gisa, ibaiaren memoria historikoa eta emozionala dibulgazio izaerarekin aurkeztuko duena.
Bosgarren eta azken faseak, 2026an garatuko denak, aurreikusten du argitalpenaren hamar gaiak erakusketa proposamen bihurtuko direla, eta, barneko egitura eta koherentziarekin, ibaiaren memoriatik igarotzea ahalbidetuko duela. Balizko modulu, testu eta ilustrazioen egiturez gain, artelanekin eta objektu etnografikoekin erakusketa osatzea baloratuko da.