'Lo que no te cuentan de Donosti'-ren kontrako elkarretaratzea antolatu dute
Hainbat eragile antifaxista eta antirrazistak antolatuta, Lo que no te cuentan de Donosti taldearen kontrako elkarretaratzea antolatu dute, datorren astelehenean 20:00etan, Amarako Easo plazan.
Bi aste darama LQNTCDD taldeak Egian mobilizazioak antolatzen, bi elkarretaratzeetan, 150 lagun bilduz, gutxi gorabehera. Lehenengo elkarretaratzean, Egiako Kaleko Afari Solidarioen ordu eta leku berean zenez, hainbat istilu izan ziren ekintzaile antirrazistekin —afarien ordua aldatu zuten arren, eta KASek kontramanifestaziorik antolatu ez zuen arren—. Istilu horietan parte hartu zuten Alderdi Popularreko hiru zinegotziek, eta, besteak beste, Vanesa Velezek hainbat irain bota zizkien bertan zeuden ekintzaileei, IRUTXULOKO HITZA-k bideoz grabatu zuenez.
Aste honetan, jada afari solidarioak debekatuta, eta elkarretaratzeko baimenarekin, ez da inolako istilurik izan. Deitzaileen arabera, ez da afari solidarioen kontrako mobilizazio bat, segurtasunaren aldekoa, baizik. Ordea, datozen asteetan egin dituzten deialdiek bat egiten dute afarien banaketa puntuekin: Amara Berrikoarekin azaroaren 11n, eta Parte Zaharrekoarekin azaroaren 18an.
Hedabide honek bihar argitaratuko du gaiari lotutako erreportaje luzea.
Eason antolatutako elkarretaratzeak ondorengo leloa izango du: Aniztasuna, elkartasuna eta segurtasuna bai. Arrazakeria, klasismoa, faxismoa ez.