Nerabezaroko indarkeria matxistak aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte
Indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldia antolatu du Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera. VIII. edizio honetan, begirada intersekzionalari helduko diote, eta haur eta gazteekin lan egiten duten eta harremanetan dauden 170 profesional baino gehiagok parte hartuko dute (Haurtxokoetako eta Gaztelekuetako hezitzaileak, hainbat ikastetxetako irakasleak, orientatzaileak, hainbat elkarte eta gizarte erakundetako profesionalak, eta beste). Udalak jakinarazi duenez, plaza guztiak beteta daude dagoeneko.
Jardunaldia azaroaren 5ean eta 14an izango da, 09:00etatik 14:00etara, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Hitzaldiak, mahai-ingurua eta hainbat tailer izango dira egun horietan, eta eskaintza biribiltzeko, kultur emanaldi bat eskainiko dute.
Hona hemen egitaraua:
Azaroak 5
Jardunaldiari hasiera Maria Rodo-Zaratek emango dio, Interseccionalidad: desigualdades, lugares y emociones hitzaldiarekin. Mariarekin batera, Uxia Reboiro del Rio bere lankidea izango da.
Ondoren, Intersekzionalitateak gorpuzten ariketa kolektiboa izango dute, Oihan Martirena eta Blanka Ruizekin. Partaideek pribilegio-zapalkuntza ardatzean kokatzeko ariketa sinboliko bat egingo dute zapalduen antzerkiaren teknikaren bitartez.
Eta atsedenaren ondoren, aurreko aurkezpenetan oinarritutako eta intersekzionalitatea lantzeko bi tailer eskainiko dituzte. Bata, Intersekzionalitateak eta indarkeria matxistak nerabezaroan: relief maps eta bestea, Zapalduen antzerkia: boterea eta gatazkak gazteekin lantzen, Blanka Ruizekin eta Oihan Martirenarekin.
Azaroak 14
Esperientzia intersekzional gorpuztuak izeneko mahai-ingurua izango dute, honako esperientziekin: Etnizitateak (SOS arrazakeria), Sexu-aniztasuna (Hiruki Larroxa) eta Gorputzak: Lodifobia (Emuna Aüka).
Eta atsedenaren ondoren, tailerren bitartez, proposamen hauetan sakontzeko aukera izango dute: Hezkuntza antiarrazista (SOS arrazakeria), Sexu-aniztasuna eta intersekzioak: LGBTI+ siglez harago (Hiruki Larroxa) eta Lodifobia gorpuztuak (Emuna Aüka).
Azaroak 15
Zuzeneko podcast saio bat izango dute, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean. Laura eta Danelen arteko elkarrizketa bat izango da. Intersekzionalitatea aurkeztuko dute beraien bizipenetatik, eta gai honetan murgilduko dira ordubeteko hizketaldi batean. Umorea eta ikuspegi feminista izango dira saioaren ezaugarriak, izan ere, umore azidoa da beraiena, eta horretaz baliatzen dira dimentsio handiko gauzen inguruan hitz egiteko.
Podcast saioa doakoa izango da, eta sarrera librea izango du, lekuak bete arte.