Wavegarden, Multiverse Computing eta Tecnalia saritu ditu Donostia Sustapenak
XI. Berrikuntzaren Asteari amaiera emateko, Donostia Sustapenak DSS INN sariak banatu ditu Maria Kristina hoteleko Ibaia aretoan. Hain zuzen ere, udalaren sozietate honek antolatzen du hiriko I+G+b ekosisteman diharduten eragile askorekin lankidetzan. Guztira, hiru enpresa saritu dituzte. Enpresa finkatuaren kategorian Wavegarden eta enpresa gaztearen kategorian Multiverse Computing. Gainera, Tecnalia saritu dute, ikerketarekin eta teknologiarekin duen konpromisoagatik, hiriaren izena nazioartean proiektatuz.
Sari banaketan, Eneko Goia alkateak sarituen ekarpena txalotu du: “Ikerketan eta berrikuntzan esfortzu eta ardura handiz aritzen diren enpresak dira. Tecnalia Espainian, Europan eta munduan erreferente da, eta Donostian du ikerketa eta garapen teknologikoaren egoitza nagusia. Wavegarden erreferente da Surfaren munduan, kirol eder honetaz harago doan instalazioak sortuz; eta Multiverse Computing, bere software kuantikoarekin Donostia abangoardian jarri du, Ibaetan ordenagailu kuantikoaren instalazioaren zain gauden bitartean”.
Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak, berriz, hau nabarmendu du: “WeekInn honetan egiaztatu ahal izan dugunez, Donostian ibilbide profesionala egin nahi duten gazte donostiar askori lan egiteko eta talentua garatzeko aukera ugari eskaintzen dizkie. Sari hauek lan hori aitortzeko modu bat da, eta baita Donostiaren sustapen eta garapen sozio-ekonomikoan duen ekarpena txalotzeko ere”.
Enpresa Berritzailearen Sariak duela bederatzi urte sortu ziren, negozio berritzaileak bultzatzearen aldeko apustu argia eginez beren jarduera finkatu duten eta, beren sektorerako ez ezik, hiri osorako ere erreferente bihurtu diren enpresak aintzatesteko asmoz.