Bi pertsona atxilotu dituzte Donostian, beste bat hiltzen saiatzea egotzita
Ertzaintzak 29 eta 37 urteko bi gizon atxilotu ditu gauerdian Donostian, beste pertsona bat hiltzen saiatzea leporatuta. Erasoaren biktima ospitalera eraman dute, buruan zauri larriak zituela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ertzaintza bertaratu denean, biktimak arnasa hartzeko zailtasunak zituen eta haustura bat izan zezakeen buruan.
Segurtasun Sailaren arabera, Donostiako autobus geltokiaren kanpoaldean izan da gertakaria, 23:30ak aldera: “Gertatutakoaren lekukoen arabera, eztabaida batean hiru pertsonak parte hartu ondoren, horietako bik hirugarren bati eraso egin diote eta kalean utzi dute. Behin lurrean, erasotzailerik gazteenak ostikoak eman dizkio buruan, konorterik gabe utzi duen arte”.
Lekukoek larrialdi zerbitzuetara deitu ostean, Ertzaintza bertaratu da, ingurua miatzen hasi da eta geltokiaren inguruan aurkitu ditu ustezko erasotzaileak. Atxilotuak komisarian daude, giza hilketa saiakera egotzita, epailearen esku uzteko beharrezko eginbideak amaitu arte.
Beste atxiloketa bat, Martutenen
Segurtasun Sailak Donostian azken egunotan egindako beste atxiloketa baten berri ere eman du. Hain zuzen ere, larunbatean, 47 urteko emakume bat atxilotu zuten droga trafikoko delitu bat leporatuta, Martuteneko espetxean haxixa sartzen saiatzeagatik. Emakumea preso bat bisitatzera zihoan, baina, Segurtasun Sailaren arabera, espetxeko ertzainek “susmatu” zuten droga sartzen ari zela, miaketa bat egingo ziotela azaldu zioten eta emakumeak berak onartu zuen haxixa zeramala. Atxilotua komisariara eraman zuten, zegozkion eginbideak egiteko, eta, arratsaldean, Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten.