Dbusen autobus guztiak elektrikoak izango dira 2030ean
Dbus Zero autobusekin, jasangarritasuna bermatzeaz gain, %40 murriztuko dute ibilgailuen zarata.

Jasangarritasuna helburu, Dbusek datozen sei urteetako plana aurkeztu du gaur, Tabakaleran. Bideberdea izeneko proiektuak autobus zerbitzu garbi eta isil bat izatea du xede. Hala, modu mailakatuan, autobus flota erabat elektrifikatuko du 2030rako. Horrez gain, BEI linearen proiektua (Bus Elektriko Adimenduna) garatuko du, eta Kotxetegietako azpiegitura guztiak sistema elektriko berrira egokituko ditu.
Olatz Yarza Mugikortasuna eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, garraio publikoaren eraldaketaren “lehen pausoak” ematen ari da udala, atseginagoa eta jasangarriagoa den hiri bat eskaintzeko. Dbuseko zuzendari Igor Gonzalezek, bestalde, gogora ekarri du “larrialdi klimatikoaren atarian”, beharrezko direla deskarbonizazio prozesuak, are gehiago, kontuan izanda, Donostiako karbono dioxido isuri guztien ia %60 ibilgailuek sortzen dutela. Horren aurrean, Bideberdea prozesua plazaratu du udalak. 98 milioi euroko inbertsioarekin, mugarri berri bat ezarri nahi du udalak.
Dbus Zero autobusak
Prozesu horren baitan, hain zuzen, Dbusen autobus flota elektrifikatzen hasiko dira gaurtik aurrera. Aurten, Dbus zero izendatutako hemeretzi ibilgailu eskuratuko ditu autobus zerbitzuk; datorren urtean, 24 izango dira; eta 2026-2030 urte bitartean, hamasei autobus gehituko zaizkio zerbitzuari. Hala, 20230erako erabat elektrifikatutako zerbitzu bat eskainiko du Dbusek.
Era berean, BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoaren sistema garatuko du udalak, 17. linearen bitartez. Gonzalezek azaldu duenez, 17-Gros -Amara-Miramon linea estrategikoa da, Renfe, Euskotren eta Lurraldebus garraio zerbitzuak eskaintzen dituzten guneekin egiten baitu bat hiriko hainbat eremutan. Sistema horren bitartez, halaber, autobuseko sartu irtenak hobetzea dute helburu, baita denborak murriztea ere.
Ibilgailuak garai berrietara egokitzen dituzten moduan, egokitu dituzte azpiegiturak ere. Kotxetegietako barruko aparkalekuetan, plaza guztien elektrifikazioa bermatzeko lanak egin dituzte azken hilabeteotan. Eletrifikazio lan horiek 11,2 euroko inbertsioa izan dute; autobus flota berriak, berriz, 81 milioi euroak gainditu ditu.