Donosti gimnasia erritmiko taldeak brontzea lortu du Euskalgym txapelketan
Barakaldoko Bizkaia Arenan jokatu da taldekako eta bakarkako 18. ekitaldia.
Gimnasia erritmikoari ikusgarritasuna emateko sortu zuten Euskalgym gala eta txapelketa. Pasa den ostiralean hasi eta atzo bukatu zen taldekako eta gizonezkoen bakarkako 18. lehiaketa, Barakaldoko Bizkaia Arenan. Altzako Donosti gimnasia erritmiko taldeak partaidetza borobildu zuen atzo, nesken kategoria nagusian brontzeko domina irabazita.
Ostiralean, klubeko kimuen taldea aritu zen tapizean, larunbatean kadete eta gazte mailako taldeak aritu ziren, eta, esan moduan, atzo maila nagusiko neskak. Azkenik, Lander Beramendi eta Unax Pellejero gazte gimnastak bakarkako txapelketan aritu ziren.
Gala arrakastatsua
Euskalgym gala, berriz, larunbatean izan zen, eta munduko gimnastarik onenetarikoek parte hartu zuten Bizkaia Arenan bertan. Besteak beste, Parisko Olinpiar Jokoetan domina lortutako hiruk: Boryana Kaleyn bulgariarrak, Daria Varfolomev alemaniarrak, eta Sofia Rafaeli italiarrak —ez zuen ariketarik egin min hartuta zegoelako—.