Donostiako suhiltzaile talde bat Valentziako hondamendian ari da lanean
Donostiako suhiltzaileek joan den asteazkenean bidaiatzeko asmoa zuten, Valentziako erkidegotik atzera bota zuen laguntza eskaera, koordinazio arazoak zituztela arrazoituta. Azkenean, azken orduotan irtetea lortu dute eta Alfafarren daude ura ateratzen.
Bost eguneko itxaronaldiaren ostean, Donostiako Suhiltzaileek argi berdea jaso dute Generalitatetik, Valentziako hondamendian laguntzeko. Bi ibilgailu eta kamioi batekin, Donostiako parkeko hamar suhiltzaile irten dira azken orduotan, eurite ikaragarriek Herrialde Katalanen eremu kaltetuenean laguntzeko helburuarekin. Atzo eguerdian irten ziren, eta lanek luzera joko dutela ikusita, ez dute baztertzen, talde horren ostean, beste batzuk irtetea.
Batik bat, ura ateratzea da suhiltzaileen egitekoa, egunotan. Gaur Alfafarren ari dira, Euskaditik irtendako larrialdi eta suhiltzaile zerbitzuen talde handiarekin. Bertako larrialdi zerbitzuekin batera, garajeak eta beheko solairuak garbitzen arituko dira datozen ordu eta egunetan.
Una cosa es que te lo cuenten y otra es vivirlo #bomberos Donostia llegando a #Valencia #Dana pic.twitter.com/bLqvXCDnlf
— Bomberos Euskadi (@BomberosEuskadi) November 4, 2024
Valentziako Erkidegoan burua altxa ezinik daramatzate sei egun. Astearteko denboraleak 217 lagun hil ditu eta ehunka desagertu daude; horietatik asko, oraindik garbitu ezin izan dituzte lur azpiko aparkalekuetan. Egoeraren dimentsioa zen ikusita, asteazken arratsaldean, Donostiako Suhiltzaileek euren talde baten laguntza eskaini zioten Generalitateari. Boluntarioen zerrenda bat osatu zuten Donostiako parkean eta askok eskaini zuten euren laguntza. Orduan, baina, Valentziako gobernuak atzera bota zuen eskaintza, koordinazio arazoak zituztela baieztatuta.
Bertako larrialdi zerbitzuak lanean aritu dira astearteaz geroztik, baina, oraindik ezin izan dira leku askotara iritsi. Egoera hobera egiten ez zuela ikusita, baina, Generalitateak laguntza eskatu du azken orduotan. Hala, Espainiako Gobernuak 5.000 militar eta 5.000 polizia lekualdatu ditu, eta suhiltzaile taldeei ere argi berdea eman zaie.