Egitura egokien zain
Donostiako Gasca kiroldegia eta belodromoa arazo askoren iturri dira baldintza aldetik. Izagirre, Larrarte eta Garmendiak azpiegituren egokitasun falta nabarmendu dute. Behar lituzketen baldintzak aldarrikatu dituzte.
«Pitzadurak, itoginak eta hainbat arazo ditu belodromoak». Hori deitoratu du Emaitz Izagirre Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko pista arduradunak. Donostiako belodromoan ez ezik, Gasca kiroldegian ere arazo asko dituzte itoginak direla eta. Azkena urriaren 7an Oscar Araujok X sarean zabaldutako bideoan ikusi zen: ura teilatutik sartu eta pistan erortzen zen IDK saskibaloi taldeko emakumezkoak Europa mailako partida bat jokatzen ari ziren bitartean. Itoginak bakarrik ez: pistak eta azpiegituraren elementu askok ez diote gaur egungo araudiei erantzuten, kirol egiturak zaharrak direlako eta ez direlako behar beste berritu. Esate baterako, Belodromoak 60 urte ditu, eta Gasca kiroldegiak, 54.
Urteak dira kexu direla kirol arloko hainbat eragile eta erabiltzaile. Eukene Larrarte txirrindulariak zehaztu du 2016an belodromoan entrenatzen hasi zenetik arazoak direla azpiegituretan. Entrenatzeko garaian, eraikinaren egoera txarrak ondorioak eta ziurgabetasuna zabaltzen du egunero joaten diren kirolarien artean. «Gure egunerokoan eragiten digu, noski», esan du Larrartek. «Gu harremanetan gaude belodromoko arduradun edo langileekin, eta askotan abisuak pasatzen dizkigute itoginak direla eta. Ondorioz, ez dakigu posible den entrenatzea edo ez».
Tatiana Garmendia Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak Gascako kiroldegian diren beste arazo batzuk ere argitara eman ditu. Ura sartzeaz gain, zehaztu du aforoa ez dela batere egokia, barneko tenperatura oso hotza dela eta neguan sufritu egiten dutela entrenatzeko garaian. Garmendiaren esanetan, ikusita zenbat kirolarik eta zenbat taldek erabiltzen duten kiroldegia, azpiegiturak ezin die egungo behar guztiei erantzun. Horrez gain, azaldu du aforoa ezin dela bete, eserleku batzuetatik ezin baita eskubaloiko ate bat ikusi.
Bera Berako jokalariak nabarmendu du eserlekuetara heltzeko zailtasunak agerikoak direla. «Gasca kiroldegia deserosoa eta desatsegina da mugikortasun arazoak dituztenentzat. Partida bakoitzean hainbat lagun sartzen dira harmailetara pistatik, eta gurpil aulkiarekin datozenak ate atzean jarri behar izaten ditugu, ikusgarritasun txikiagoko eremu batean».
Erreportaje hau Gipuzkoako Hitza-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.