Hiru ibilaldi gidatu antolatu dituzte azarorako Artikutzan

Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak hiru ibilaldi gidatu antolatu ditu hilabete honetarako Artikutzan: hilaren 10ean, 16an eta 23an. Plaza erreserbatzeko hiru bide daude (2,09 euro 6-16 urte artekoentzat eta 3,14 euro 16 urtetik gorakoentzat): artikutzanatura@donostia.eus-era idatzita, 679-61 30 16 telefonora deituta eta udalaren webguneko inprimakia beteta.
Igande honetakoan, Enobietako presaren eta Enobieta ibaiaren inguruan ibiliko dira, Artikutza auzotik bertatik abiatuta. Urtegi izandako eremua baso bihurtzen ari da, eta bertatik egingo dute ibilaldia, adituen azalpenak entzunez.
Hilaren 16koan, ilargi betea aprobetxatu eta gauez egingo dute ibilaldia, Eskasetik abiatuta. Bianditzera igoko dira, ilargi beteaz, izarrez eta mendiaz gauez disfrutatzeko.
Azkenik, 23koan mikologia izango dute hizpide, Eskasetik abiatuta. Mikologian aditu batek gidatuta, Artikutzako baso ederretan barrena ibiliko dira, bertako dibertsitate fungikoa ezagutzen. Hiru ibilaldien inguruko informazio zehatza hemen daukazue.