27.722 korrikalarik hartuko dute parte igandean Behobia-Donostia lasterketan
Igandean egingo da 59. Behobia-Donostia lasterketa, eta 27.722 korrikalarik hartuko dute parte. Korrikalari guztietatik, 8.716 emakumeak izango dira (%31,44); inoizko emakume kopururik altuena da lasterketa honetan. Gainera, lehen aldiz, izen emate gehien duen adin tartea 26-30 da, 31-35 tarteak jarraituta. Azken urteotan, 41-45 tartea izan da izen emate gehien izan duena.
Parte hartzaileek 20 kilometro eta 196 metro egin beharko dituzte korrika, Irundik (nazioarteko zubiaren ondoan) hasi eta Donostiaraino. Irteerako alfonbratik pasatu ondoren, irteerara iristeko gehienezko denbora 2:35 ordu izango da.
Gaur aurkeztu du lasterketa Iñigo Etxeberriak, Behobia-Donostiaren koordinatzaileak, Pio Baroja kiroldegian. Jakinarazi duenez, aurten, aurreko urteetan bezala, lasterketaren poltsa jasotzeko puntu bat besterik ez da izango. Kursaalean kokatuko dute puntu hori, azaroaren 8an, 12:00etatik 21:00etara, eta azaroaren 9an, 10:00etatik 20:00tara. Bertan, poltsa jasotzeaz gain, kontsigna aurreratua egongo da.
Kursaaleko kontsignaz gain, igandean bertan, beste bi kontsigna ere egokituko dituzte. Bata, Gipuzkoa Plazan egongo da, 07:30etik aurrera. Bigarrena, aldiz, irteera puntuan egongo da, 08:30ean hasita.
Lasterketa
Behobia-Donostia lasterketa 09:30ean hasiko da. Lehenengo, aulkiak eta esku bizikletak irtengo dira, patinatzaileak 09:35ean eta, azkenik, korrikalariak, 09:55etik aurrera.
Ibilbidean zehar, zazpi hornidura puntu egongo dira, eta hamalau animazio puntu korrikalarien partaidetza girotzeko. Helmugan ere, hainbat gauza jan eta edateko aukera izango dute parte hartzaileek, eta bakoitzari domina bana emango diote.
Lasterketa amaitu ostean, sari banaketa Bulebarreko kioskoan egingo dute, 12:00etan. Aurretik, gurpil aulkiko eta esku bizikletako parte hartzaileak sarituko dituzte 10:40ean, eta patinatzaileak 11:00etan.
Dutxei dagokionez, hainbat esparru egokituko dituzte: Ondarretako eta Kontxako kabinak, Pio Baroja kiroldegia, Manteo kiroldegia eta Anoetako Belodromoa.
Dosier honetan ikus dezakezue 59. Behobia-Donostia lasterketako informazio guztia.