Anoetako bilketa solidarioa amaitzea erabaki dute, bost kamioi bete ostean
Realak bat egin zuen Valentziako hondamendiari aurre egiteko baliabide bilketarekin larunbatean, eta atzo, hainbat janari eta produktu tona batu zituzten Anoetan. Guztira, 150 bat palet osatu zituzten produktuekin, eta bost kamioi bidaliko dituzte Anoetatik Valentziara. Berez, aste osoan zehar jaso behar zituzten Valentziara bidaltzeko elikagaiak eta produktuak, baina hain denbora gutxian tonak bildu dituztenez, bilketa amaitutzat ematea erabaki zuten atzo.
Atzo bertan, lehenengo kamioia bete zuten 30 palet baino gehiagorekin, eta gaur, materiala sailkatzen eta bigarren kamioia betetzen jarraituko dute. Horiez gain, beste hiru kamioi betetzea aurreikusten dute.
Realeko hainbat jokalari ere aritu ziren atzo elikagaiak sailkatzen, eta eguna amaitutakoan, honako mezua zabaldu zuen Realak: “Eskerrik asko Valentziako herriaren alde lagundu duzuen guztioi. Gaur arratsaldean lehen kamioia aterako da eta bihar bigarrena. Zuen laguntza ezinbestekoa izan da. Harrotasuna. Eskerrik asko, bihotzez”.
Diru ekarpenak
Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek herritarrei eskatu diete Valentzian uholdeek kaltetutako pertsonekiko elkartasuna modu “antolatuan” eta, une honetan, diru ekarpenen bidez egin dadila. Horregatik, laguntzak eta dohaintzak eman nahi dituztenek Valentziako Generalitateak zabaldutako Som Solidaritat atarira jotzea gomendatu dute euskal erakundeek. Webgune hori horretarako sortu dute propioki.
Garbitze lanak
200 hildakotik gora eta zehaztu gabeko desagertutako pertsona kopurua dago une honetan Valentzian. Desagertutakoak bilatzeaz gain, lehentasuna dute garbitze eta konpontze lanek. Azaldu duenez, pilatutako urak gaixotasun gastrointestinalak eta eltxoak eragin ditzakete, eta hondakinek, zauriak. Uretan pilatutako hildako animaliek eta giza gorpuzkiek kutsadura barreiatu dezakete. Oraingoz ez da osasun publikorako arriskurik sortu, baina lehenbailehen erretiratu behar dira horiek.